Al timón de mi barco du izena Jaione Fernandez de Jauregiren bigarren liburuak. Testu motzak, laburrak, ditu, poesiazkoak. Eta horietako bi irakurri zituen aurkezpena hasi aurretik Iñaki Agirianok, Eskoriatzako liburutegiko arduradunak.
Hantxe izan zen aurkezpena egubakoitz iluntzean eta "harrituta" geratu zen idazlea horrenbeste herritar ikusita ekitaldian; 70 inguru. "Ez nuen espero horrenbeste jende biltzea hemen, harrituta nago. Eskerrik asko guztioi", esan zuen liburuaren nondik norakoak azaltzen hasi aurretik.
Bere testuen oinarrian sentimenduak egon direla beti aitortu zuen egileak eta "lagun on" batek askotan aholkatu ziola publikatzeko idazten zuen hori. "Idazten jarraitzen nuen eta blog bat ere sortu nuen, baina argitaratzeko ideia horri ez nion kasurik egiten. Bera joan zen, eta bere hitzak entzuten nituen behin eta berriz nire barrenean: argitaratu, argitaratu, argitaratu. Kasu egitea pentsatu nuen azkenean eta inprenta duen beste lagun on bati komentatu nion. Hark izugarri lagundu ninduen. Bigarrena ere haren laguntzarekin etorri da kalera", zioen Fernandez de Jauregik. "Gure kafetegiko ohiko hiru bezerori, hiru emakumeri, kafetegitik ateratzen direnean, beti esaten diet onak izateko. Eta haietako batek beti erantzuten dit onak ezetz, zoriontsuak izan behar garela. Eta uste dut arrazoi duela", gaineratu zuen.