Partidua irabazi eta hiru puntu gehiago lortu ditu Eskoriatzak areto futbolean

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko urt. 26a, 11:39
Manuel Muñoz kiroldegian jokatu zuten partidua zapatu arratsaldean

Bigarren zatian urduriago jokatu arren eta markagailuan talde biak berdinduta egotera heldu arren, bi goleko errentarekin irabazi dio Eskoriatzako areto futboleko taldeak Gasteizko Batzarreri (6-4). "Ondo ezagutzen genuen talde hori, gogorra da, eta pozik gaude partidua irabazita. Garrantzi handia dute lortutako hiru puntuak", adierazi du taldeko kapitainak, Jorge Morak.

Irabazten hasi zuen partidua Eskoriatza areto futboleko taldeak eta irabaziz bukatu, baina partidu osoa ez zen hain leuna izan. Lehen zatian etxeko jokalariek dominatu zuten norgehiagoka eta Gasteiztarren atera behin eta berriz hurbildu ziren. Lan horren emaitza izan zen lehen zatia 3-0 emaitzarekin amaitzea.

Baina bigarren zatia bestelakoa izan zen. Gasteiztarrak gogor hasi ziren jokatzen eta minutu gutxitan partidua berdintzea lortu zuten, talde biak hiruna jarriz. "Laugarren gola sartu dugunean poztu gara, baina bai, bigarren zatiaren hasiera gogorra izan da guretako. Oso urduri jarri gara", dio Eskoriatza taldeko kapitainak, Jorge Morak. Partiduko bigarren zati horretan baina, talde bietako jokalariak ibili ziren urduri, eta lehenengo zatian baino protesta, falta eta kexu gehiago egon ziren; Batzarre taldeko jokalari batek txartel gorria ere jaso zuen partiduaren amaiera aldera.

Lau goletako berdinketa penaltia sartuta lortu dute gasteiztarrek. Partiduko azken bi golak Eskoriatzak sartu ditu, seigarrena, penaltiz (baita laugarrena ere). Partidua bukatzeko denbora gutxi falta zela etxeko taldearen aldeko beste penaltia bat adierazi du epaileak, baina ateko langatik gora joan zen baloia.

Emaitzarekin pozik zeuden Eskoriatza taldeko jokalariak, hiru puntu lortuta. "Partidua irabazi dugu eta oso pozik gaude hiru puntuak lortuta. Horixe da gure nahia, partiduz partidu puntuak lortzea. Aste barruko entrenamenduak helburu horrekin egiten ditugu, hiru puntuak lortzeko", dio Morak. Horrekin batera, Gasteizko taldeari irabazteak poza eman dietela ere aitortu zuen: "Ezagutzen dugu elkar, bagenekien gogorrak zirela, eta pozik gaude partidua guk irabazi dugulako. Egia esan maila honetan talde denak dira gogorrak eta partidu denak dira zailak, baina Batzarrekoak ezagutzen genituen eta guk irabaztea pozgarria izan da".

Gasteiztik etorritako zale gutxi batzuk ere bazeuden harmailetan, baina etxeko taldeak zituen jarraitzaile eta animatzaile gehien. Bai, behintzat, zale zarata gehien egiten zutenak, bonbo handi batekin behin eta berriz egin zuten-eta etxeko taldearen alde oihu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak