Jaiotza bakoitzeko zuhaitz bat landatzera

Imanol Beloki Unamuno 2020ko urt. 23a, 16:09

Iazko Eskoriatzako Zuhaitz Eguna.

28 haur jaio ziren 2019an, Eskoriatzan, eta, urteroko ohiturari jarraituz, jaiotza beste zuhaitz landatuko dituzte Santa Marina auzoan. 11:00etan museoan batuta, lur eremura abiatu, eta lizarrak eta urkiak izango dira landatuko dituztenak.

2019an, 28 haur jaio ziren Eskoriatzan, eta haien gurasoek, familiekin lagunduta, aitzurrak hartu eta zuhaitzak landatuko dituzte, urteroko ohiturari jarraituz, domekan ospatuko duten Zuhaitz Egunean. Aurtengoa hamaseigarren edizioa izango da, eta Santa Marina auzoko urbanizazio berrian jarritako lursailean egingo dute landaketa. Iaz, 28 haur jaiota, zuhaitz kopuru bera landatuko dute; oraingoan, lizarrak eta urkiak izango dira.

Zuhaitzak zaintzea komeni

Domekan, 11:00etan, Ibarraundi museoan batuko dira egitasmora batu nahi duten gurasoak, eta, Ibarraundi museoko langileek hainbat argibide eman ostean, landaketa egingo duten eremura joango dira. "Guraso izan direnei gutuna bidali diegu ekintzara animatu daitezen, eta erantzun ona aurreikusten dugu. Beste urte batzuetan ere landatu izan dugu eremu horretan, baina zuhaitzek ez dute indarra hartu eta ihartu egin dira. Ea oraingoan ez den gauza bera gertatzen. Horretarako, zuhaitza landatzen duten gurasoek urtean zehar zaindu egin beharko lukete… hori izango litzateke aproposena", adierazi du Saioa Altzuak, Ibarraundi museoko langileak.

Amazoniari elkartasuna

Sinbolismoz betetako ekintza honek pisu handiagoa izango duela aurten gaineratu du Altzuak: "Mundua zuhaitz gabe geratzen ari zaigun honetan –Amazoniako eta Australiako suteak kasu–, ekarpen xumea egingo diogu naturari. Izan ere, herritar talde batek Eskoriatzako Udalari eskaria egin zion herrian zehar zuhaitzak landatzeko, eta horri erantzuna emango zaio ekintza honekin. Horrekin batera, elkartasuna adieraziko diegu, bide batez, azkenaldian sute lazgarriak jasan dituzten lurraldeei".

Guraso izanda, landatzera

Kepa Isasmendi. Herritarra

"Ekimen polita da domekan gauzatuko dena Zuhaitz Egunean. Abenduaren 2an izan genuen haurra, eta gonbidapena jaso genuen bertara joateko. Hori horrela, bertan izango gara; izan ere, ederra da haurrak bere zuhaitza izatea. Horrekin batera, klima aldaketari aurre egiteko, eta ezbeharrak gertatu diren herrialdeetakoei elkartasuna adierazteko egitasmoa ere izango da, bide batez, landaketa hau.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak