Pinuak ateratzen aritu direnez, bidegorria itxita

Imanol Beloki Unamuno 2020ko urt. 17a, 12:13
Pinuak ateratzeko lanetan izan dira Intxaurtxuetatik Olazar auzoko tunel gaineko mendi zatiraino.

Intxaurtxueta auzoko herriko sarreratik kanposanturainoko basoan dauden pinuak ateratzen aritu dira egunotan. Hori horrela, oinezkoentzako segurtasuna bermatzearren, bidegorri zati bat itxita egon da martitzenetik, hain zuzen ere, Intxaurtxuetako oinezkoentzako pasabidearen eta Olazarko tunelaren arteko bide-zatian.

Lanak 08:30etik 17:30era bitartean egiten izan dira; horrenbestez, ordutegi horretan bertan egon da itxita. Gainontzean, bidegorria erabiltzeko moduan egon da, eta, aurreikuspenak betetzen badira, gaurtik –egubakoitza– aurrera normal ibili ahal izango da bidegorrian.

Lur-zati horretan zenbait lurjauzi izan dira azken urteotan, eta maldan behera jausi daitezkeen lurrei eusteko jarrita dago hormigoizko blokea. Hala ere, gehiago gertatzen badira, pinuak baztertu beharrik ez da egongo, eremu guztia garbituko baitute.

Bidegorria ixtearen arrazoien berri ere eman gura izan du Ibon Segura Eskoriatzako udaltzainak: "Elortza Garraioak enpresakoak ari dira pinuak botatzen. Egun batzuetako lana denez eta pinuak bidegorritik gertu daudenez, ixtea erabaki da, harriren bat edo adarren bat jausi daitekeelako bidera…".

Zuhaitzei adarrak kimatzen

Eduardo Gorosarri plazan Anbolategi atzeko kalean dauden zuhaitzak kimatzen ere izan dira asteon lorezainak. Horrekin batera, Dorleta auzoan ere aritu dira zenbait zuhaitzetako adar luzeak mozten, eta hurrengo egunetan herriko beste txoko batzuetako zuhaitzak ere kimatuko dituztela adierazi du Joseba Olmo Eskoriatzako lorezainak: "Gorosarriko zuhaitzetako adarrak laster batean moztu genituen, eta, Dorletako zenbait zuhaitzetako adarrak ere oso luze zeudenez, horietan ere izan gara lanean. Datorren astean jarraituko dugu herrian zuhaitzak kimatzen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak