Jaione Fernandez de Jauregi: "Presa barik idazten dut, inspirazioa datorkidanean"

Imanol Beloki Unamuno 2020ko urt. 17a, 11:09

Jaione Fernandez de Jauregi eskoriatzarra.

Eskoriatzako Jaione Fernandez de Jauregik argitaratuko duen bigarren liburua da Al timón de mi barco; testu motzekin osatuta dago, eta, maitasuna ardatz, gogoetaz osatuta dagoen lana da.

Jaione Fernandez de Jauregi eskoriatzarrak Al timón de mi barco izenburupean bere bigarren liburua idatzi berri du, eta datorren astean kaleratuko du. 100 ale argitaratuko ditu, hasiera batean, eta Eskoriatzako eta Arrasateko biblioteketan eta bi herri horietako zenbait komertziotan izango dira eskuragarri. Horrekin batera, liburuaren aurkezpena egingo du otsailaren 7an, 19:00etan, Eskoriatzako bibliotekan.

Laster izango da idatzi berri duzun liburua eskuragarri. Zer idatzi duzu?

Testu laburrez osatuta dagoen lana da; batzuk poesiak dira, beste batzuek hausnarketarako bidea ematen dute… zenbait gogoeta dira; betiere, maitasuna ardatz izanda. Prosa poetikoan espresatuta, gaur egun bizi ditugun zenbait egoeraren kritika dira testu batzuk… 2018an, Sentimientos tuyos y míos liburua argitaratu nuen, eta, Eskoriatzan izan zuen harrera onagatik, bigarrena argitaratzera animatu naiz. Oraingoa ere bide beretik doa.

Nola hasi zinen idazten?

Hasiera batean, inork ez zekien idazten ari nintzela. Hiru lerroko poesia txiki bat idatzi eta lagunekin konpartitu ostean hasi nintzen idazten. Honako hau dio El amor izeneko poesiak: Si me miras y no me ves/Si me buscas y no me encuentras/Tal vez no sepas que el lugar que ocupo es ínfimo, y el lugar donde habito crece porque está en ti, y en ti, y en ti… Hala, hori idaztean, forma ematen hasi nintzen, eta, handik aurrera, erraztasunez ateratzen zitzaizkidan. Hala, testu multzo handi bat osatzean, lehenengo liburua argitaratu nuen. Bigarren liburua ere idatzi berri, bi horiez gain zenbait testu eta iritzi ere idazten ditut Facebook sare sozialean; hain zuzen, horietako batzuk argitaratutako liburuetako pasarteak dira.

Nola eta noiz idazten duzu?

Presa barik idazten dut, inspirazioa etortzen zaidanean. Ez dut ordutegi finkorik idazteko. Kezka edo egonezinen bat badut, honako hau da nire espresatzeko modua, prosa moduan. Ez naiz zerbait bilatzera joaten… etortzen denean idazten dut.

Otsailaren 7an emango duzu liburuaren berri Eskoriatzako bibliotekan. Urduri zaude?

Urduri nago, bai, baina lagun batek bereziki esan zidan hazkuntza pertsonalerako baliagarria izango zela liburuaren aurkezpena egitea, eta nik aholku onei kasu egiten diet; beraz, aurrera. Hala, besteak beste, egunerako aukeratu ditudan Al timón de mi barco liburuko bi testuren errezitaldia eskainiko diet bertaratzen direnei.

Zer egingo duzu irabaziekin?

Liburuaren aurkezpenean adieraziko dudan moduan, liburuen salmentetatik ateratako diru irabazi guztia Pasqual Maragall fundaziorako izango da. Alzheimerra prebenitzeko ikerketarako bideratuko dut. Liburua 15 eurotan izango da salgai Eskoriatzako eta Arrasateko zenbait komertziotan, eta, horrez gainera, bi herrietako biblioteketan ere dohaintzan emango ditut zenbait ale.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak