Mozambikeko programaren lorpenak eta testigantzak ezagutuz

Imanol Beloki Unamuno 2020ko urt. 16a, 15:20
Eguaztenean izandako hitzaldian kultura etxeko aretoa beteta izan zen.

Eguaztenean, Harreman, Mundukide eta Hiruatx gobernuz kanpoko erakundeek Mozambiken dituzten proiektuen berri eman zuten kultura etxeko areto nagusian. Lanaren balioa da ezberdin egiten gaituena izenburupean, berbaldi-solasaldi formatuan eskaini zuten saioa, eta gidari lanetan Andoni Uribeetxeberria (Harreman), Mari Luz Tome (Mundukide) eta Oihana Arietaleanizbeaskoa (Hiruatx) aritu ziren.

Aretoa, beteta, gobernuz kanpoko erakundeetako ordezkariek garapen lankidetzarako programaren inguruko testigantzak eskaini zizkieten bertaratutakoei.

Lorpenak eta testigantzak

Aurreko udan, Mozambikeko programa ezagutu zuten Mundukideko patronatuko hainbat ordezkarik, eta, Eskoriatzako herria ere programaren laguntzailea den neurrian, Afrikako herrialde horretan ikusitakoaren berri ematea izan zen hitzaldiaren helburua. Hitzaldiari, bidaian zehar grabatutako aurkezpen bideo batekin eman zioten hasiera, eta, ondoren, herrialdeen eta biztanleen hainbat ezaugarri ezagutzera emateaz gain, Mundukideko programaren lorpenak eta bidaiarien testigantzak ezagutzeko aukera izan zen.

Solidaritatea ardatz

Besteak beste, solidaritatearen garrantzia izan zuten hizpide hizlariek. Mari Luz Tomek honako hau adierazi zuen: "Emakumeak bereziki daude zigortuta horrelako herrialdeetan, eta Mundukidek beti izaten ditu oso kontuan, burujabe izan daitezen aukerak eskainiaz. Andoni Uribeetxeberriak, berriz, hauxe adierazi zuen: "Oso pobreak diren paraje hauek pentsatzen dugun baino gertuago daude hegazkinean. Sentsibilitate handiagoa izan beharko genuke Euskal Herrian; gure bizi kalitatea etengabe hobetzen aritu beharrean, behar gehiago duten pertsonekin solidarioagoak izan beharko genuke".

Ezinbesteko laguntza

Eskoriatzako Udalak Mundukide Fundazioari eskaintzen dion laguntza ere nabarmendu gura izan zuten. Honela adierazi du Urri Urizar Mundukide Fundazioko kideak: "Eskoriatza Mozambikerekin solidarioa den herria da, alde batetik, hainbat biztanle partikular Mundukideko partaide eta babesle direlako, eta, bestalde, Eskoriatzako Udalak urtero lankidetza programarekin jarraitu ahal izateko ekarpen ekonomikoa egiten duelako. Hala, eskuzabalak izan behar gara tokatzen zaigunagatik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak