Axtroki Arku Tiro taldea sortu berri dute

Imanol Beloki Unamuno 2020ko urt. 10a, 11:15
2018ko irailean egin zen Atxorrotxeko gazteluaren festan herritarrek arku tiroan aritzeko aukera izan zuten.

Koordinazioa, kontzentrazioa eta punteria lantzeko helburuarekin, arku tiroan ibiltzeko zaletasuna duten zenbait herritarrek sortu dute taldea. Eurak elkartu eta euren zaletasuna dena praktikatzeaz gain, herritarrei irakastea ere bada asmoa.

Arku tiroa zaletasun duten zenbait herritarren iniziatibaz sortu berri dute Eskoriatza Axtroki Arku Tiro taldea. Ez da kirol oso ezaguna, baina jarduera honen aldeko apustua egin gura izan dute zenbait herritarrek, eurek praktikatzeko eta, bide batez, kirola bera herritarren artean ezagutarazteko. Taldea eratuta, Udalarekin hitzarmena sinatzea soilik geratzen zaie, arku tiroa praktikatzeko eremu bat izateko, besteak beste.

Taldea hamar pertsonak osatzen dute, eta, Oskar Escribano Eskoriatza Axtroki Arku Tiro taldeko kideak adierazi duenez, 6-8 herritarrek interesa agertu dute, oraingoz: "Aspalditik genuen taldea eratzearen ideia buruan, eta, oraingoz hamar lagunek osatzen dugun arren, kide kopurua handitzea da asmoa. Zaletasun hau partekatzen dugunok batzea eta praktikatzea da oinarrian dugun helburua, baina herrira ere zabaldu nahiko genuke, eta ikastaroren bat edo beste eta erakustaldiren bat antolatzea ere bada etorkizunera begira buruan duguna".

Lizentzia ezinbestekoa

Taldea sortu berri, federatzea izan dela lehenengo pausoa adierazi du Escribanok: "Federatuta egotea ezinbesteko da. Gainera, arkua arma bat da, eta edozein lekutara eramateko lizentzia izan behar duzu, derrigorrezkoa da. Hori horrela, arkuaz aritu nahi duen edonork federatu baten alboan bakarrik praktikatu dezake. Honekin batera, zerbait gertatuko balitz, erantzukizun-asegurua ere badugu, taldeko beratzi kide federatuta gaudelako…".

Arku eta geziekin dibertsioa

Abenduaren 27an bilera irekia egin zuten, arku tiroarekiko interesa zutenen herritarrei zuzenduta. Hala ere, aurrera begira, asmoa Joseba Iñurrategi pilotalekuan zapatu goizetan praktikatzea dela adierazi dute taldekideek, eta nahi duena bertara daitekeela arku tiroa praktikatzera: "Eman beharreko pausoak emanda, Udalarekin hitzarmena sinatzea geratzen zaigu soilik. Adierazi digutenez, pilotalekua 10:00etatik 13:00etara bitartean izango genuke erabilgarri; materiala ere badugu, eta gogoz gaude arku tiroa praktikatzeko…".

Informazioa jasotzeko

Eskoriatza Axtroki Arku Tiro taldeko kideek adierazi dutenez, taldean sartzeko gogoa duenak aukera du horretarako. Horrekin batera, informaziorik edo argibiderik nahi duenak Axtroki Arku Tiro Facebook sare sozialeko orrialdera idatzi dezake.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak