Urtarrilaren 2an emango diote hasiera 2020ko Aresko Neguko Saskibaloi Campusari. Gabonetako gehiegikeriei buelta emateko helburuarekin eta kirolari duen garrantzia emateko asmoz antolatu dute urteroko saskibaloi campusa Aresko eskolak eta Eskoriatza Kirol Elkarteak elkarlanean.
2005etik 2011ra bitartean jaiotako haurrei zuzenduta egongo da –biak barne–, eta urtarrilaren 2tik 4ra bitartean, saskibaloia praktikatzeaz batera, lagun artean ondo pasatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Hori horrela, 09:30etik 13:30era bitarteko ordutegia izango dute saskibaloiaz gozatu gura duten gaztetxoek.
Julen Fornies eta Zuhaitz Gonzalez koordinatzaileen gidaritzapean, bost entrenatzaile arituko dira haurrekin zenbait ariketa egiten: "Beroketa ariketak, paseen teknikak, erabaki zuzenak hartzeko jokabideak, jaurtiketa hobetzea, biomekanikaren laguntza koordinazio lanerako eta saskibaloiko mugimenduak… landuko ditugu, besteak beste. Horrekin batera, bost bosten kontrakoa ere izango dugu…", adierazi du Gonzalezek".
Ariketa berritzaileak
Hainbat balio transmititzen saiatuko dira antolatzaileak, eta, horretarako, hainbat helburu zehaztu dituzte. Oinarrian, kirola egitea saskibaloia ardatz izanda izango da, baina bereziki ondo pasatzea izango da antolatzaileen asmoa: "Ariketa berritzaile ugari ikasteko aukera izango dute campusera animatzen direnek, eta gero, horiek praktikan jartzeko aukera izango dute".