Euskara ardatz, 'tajin'-a egiten ikasiko dute

Imanol Beloki Unamuno 2019ko abe. 19a, 15:43
Azaroan janari pakistandarra egiten ikasteko tailerrean batutakoak.

Auzoko Eskoriatza egitasmoak antolatuta, Munduko janak izeneko saioa izango da bihar, egubakoitza, 18:00etan, kultura etxean. Aljeriako eta Marokoko plater bat nola prestatzen den irakatsiko dute Fouzia Mekideche eta Khadija Gader Auzoko egitasmoko partaideek.

Egubakoitzean, 18:00etan, Munduko janak lelopean, janari marokoarra eta aljeriarra egiten ikasteko aukera izango dute herritarrek kultura etxean, Olazar Erretiratu Elkartekoen sukaldean.

Eskoriatza Auzoko egitasmoak azaroan antolatu zuen Pakistango jaki gozo bat nola egiten den ikasteko tailerra; hain zuzen ere, pakora nola egiten den ikasteko aukera izan zen. Zenbait herritar animatu ziren tailerrera, eta, orduan izan zuen arrakasta ikusita, egubakoitzean, tajin-a egiten irakatsiko dute Auzoko Eskoriatza taldeko kideek.

Sukaldaritzaz haratago

"Aljerian eta Marokon, bi herrialde horietan tipikoa den jaki bat egingo dugu gaur batzen garen auzotarren eta auzokideen artean. Hala ere, sukaldaritza saio hutsa baino gehiago izango da. Aurreko ikastaroan moduan, aurkezpen jokoak izango ditugu, lehenbizi, bertara etortzen direnek elkar ezagutzeko. Horrekin batera, erabiliko ditugun elikagaien eta tresnerien izenak euskaraz nola diren ikasteko aukera izango dute Auzoko taldeko kideek, eta, kultura-ohiturak partekatuz, oilaskoz eta barazkiz osatuta dagoen tajin platera egiten ikasiko dugu, ez dakigunok", adierazi du Iratxe Arresek, Auzoko Eskoriatza egitasmoko dinamizatzaileak.

Khadija Gader: "Nire kultura ezagutarazteak hunkitzen nau"

Khadija Gader Auzoko egitasmoko kidea.

Khadija Gader Auzoko Eskoriatza egitasmoko kideak tajin janari marokoarra nola egiten den irakatsiko du gaur kultura etxean.

Noiz hasi zinen Auzoko egitasmoan?

2012an hasita, bi urte egin nituen Auzokon. Gero, ama izan nintzenean, utzi egin nion joateari. Hala ere, iaz berrartu nuen eta oso gustura ari naiz euskara ikasten, eta baita bertako ohiturak ezagutzen.

Zer egingo duzu egubakoitzeko saioan?

Oilaskoa eta barazkiak dituen tajin plater marokoarra egingo dut. Asko gustatzen zait irakastea eta ikastea, eta nire kulturaren zati bat herritarren artean zabaltzeak asko hunkitzen nau.

Janaria prestatzeaz gain, euskara praktikatuz, ezta?

Erabiliko ditugun elikagaien eta tresnen izenak euskaraz ikasteko aprobetxatuko dugu, besteak beste.

Euskara praktikatuz

Euskara maila ezberdinak dituzten partaideak batzen ditu Auzokok, eta, egiten dituzten ohiko saioek beharrezkoak diren arren, halako ikastaroak oso emankorrak direla adierazi du Arresek: "Aurreko saioan ikusi genuen moduan, eskoriatzarrek interesa erakutsi zuten Auzoko taldekoen jakien gainean, beraien hizkuntzez, ohiturez eta bestelakoez. Talde heterogeneoa izan zen, adin tarte ezberdinetakoa, eta egubakoitzean egingo duguna ere halakoa izatea espero dugu. Izan ere, Auzokoko kideak asko hunkitzen ditu eskoriatzarrek euren kulturarekiko interesa dutela ikusteak. Gainera, jende berria ezagutzeko aukera ematen duen saioa da, eta ikusiko dugu zenbat batzen garen oraingoan, eta nola irteten den baina, seguruenik, antolatuko ditugu gehiago".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak