Zuhaitz Gonzalez Eskoriatzako kadete mailako saskibaloi taldeko entrenatzailea "zoratzen" dago azkenaldian taldea ematen ari den ikuskizunarekin. Abenduko zubian, Lloret de Marren izan dira, TSE Top Sport Event txapelketan lehiatzen, eta, jokatu dituzten partidu guztietan zenbait gorabehera izan dituzten arren, guztietan lortu dute garaipena, joko bikaina egiten dakitela erakutsita.
"Kataluniako txapelketara ondo prestatuta joan gara, eta oso ondo aritu dira jokalari guztiak. Defentsa-lana bikain egin dute, kontraerasoen eraginkortasuna ezin hobea izan da, eta, partiduak galtzen joan arren, burua altxatua, buelta eman, eta garaipenaren bila joan dira. Lloret de Marko txapelketa irabazi dugu, baina, hortaz harago, eman duten erakustaldiarekin geratzen naiz ni", adierazi du Zuhaitz Gonzalez entrenatzaileak.
'Lau teilatu' kantuaren bertsioa
Haurren minbiziaren aurka EITBk martxan duen maratoi solidarioaren baitan, Lau teilatu abestiaren bideoklip berezia sortu nahi dute, herritarrek bidalitako piezekin. Hala, Eskoriatzako neskek minbizia duten haurrak gogoan Lau teilatu kanta abesteko tartea atera zuten Lloret de Marko kantxatik. Infantilak eta kadeteak batera kantuan, bideo bat eskegi dute Eskoriatza Saskibaloi Twitter kontuan.
Liderrak ligan
Denboraldia hasi zutenetik zazpi partidu jokatu dituzte, eta guztiak irabazi dituzte eskoriatzarrek. Hala, pasa den jardunaldian, sailkapeneko bigarrenari 22 punturengatik irabazita, liderrak dira. Asteburu honetan, lehenengo faseko azken partidua jokatuko dute, Santo Tomas Lizeoa taldearen aurka. Partidua etxean izango dute, Manuel Muñoz kiroldegian, 11:15ean. Jardunaldi honen ostean, berriz, Gipuzkoako faseari ekingo dio taldeak.
Infantilak, hirugarren postuan
Infantil mailako Aresko taldeak ere lan bikaina egin du Lloret de Marko txapelketan. Izan ere, hirugarren postuan sailkatu dira Mikel Elortza entrenatzailearen neskak.
