Gari & Maldanbera ikusteko sarrerak, salgai

Imanol Beloki Unamuno 2019ko abe. 11a, 12:49
Gari & Maldanbera, Oñatin eskainitako kontzertuan.

Zapatuan izango da Gari & Maldanbera taldearen kontzertua, 20:00etan, Zaldibar antzokian. Sarrerak Manuel Muñoz kiroldegian erosi daitezke, 4 eurotan, eta, guztiak ez badira saltzen, egunean bertan ere erosi ahal izango dira, emanaldiaren aurretik, antzokiko leihatilan.

Hertzainak talde historikoko abeslari ohia talde formatuan dabil azken urteotan. Orain dela lau urte abiatu zuten bidea elkarrekin musikagintzan ibilbidea luzea duen Gari musikari legazpiarrak –Hertzainak– eta Maldanbera taldeak, eta zapatuan Zaldibar antzokiko oholtza gainean izango dira kontzertua eskaintzen. Sarrerak Manuel Muñoz kiroldegian erosi daitezke, lau eurotan, eta, edukiera mugatua denez, aurrez erostea gomendatu dute antolatzaileek.

Hainbat urtez bikote formatuaren mugak arakatu ondoren, azken hamarkadetako euskal musikako artista handienetakoa den Garik esperientzia berri bat hasi zuen Maldanberarekin, formazio klasikoa duen taldearekin. Natxo Beltran (bateria, ahotsak), Oier Aldekoa (baxua, teklatuak eta ahotsak) eta Miguel Moyano (gitarrak, teklatuak eta ahotsak) musikarien laguntzarekin izango da Zaldibar antzokian ordu eta erdi inguruko saioa eskaintzen.

Kanta zaharrak berreskuratuz

Zapatuan 20:00etan hasiko den emanaldian, Beste denbora batean azken diskoa aurkezten izango da, baina, oinarrian disko horretako kantuak izango dituen arren, Garik bere ibilbideko hasierako kantak ere eskainiko die bertaratzen direnei. Izan ere, irailaren amaieran Euskalduna jauregiko auditoriumean Inun baino alaiagoa izanen da izenburupean Josu Zabalak eta Garik eskainitako saioaren ostean abesti zaharrak errepertorioan sartzea erabaki duela adierazi du Gariren managerrak. "Maldanbera taldearekin egonkortasuna topatu du Garik eta bere betiko abestien rock funtsa berreskuratu ahal izan du".

Gertukoa eta kalitatezkoa

38 urte baino gehiago eszenarioetan eta musikari lotuta bizitza osoa eman ondoren, gertuko eta kalitate handiko kontzertu intimoa eskaintzeko asmoz izango da zapatuan. Nostalgia barik, fokua eguneroko gauza txikietan jarriz.

Taula gainean izaten duen jarrera eta estiloagatik da erakargarria Gari, eta bere ahots xuxurlatu eta hauskorraren jarraitzaileek euskal musikari mitikoa zuzenean ikusteko aukera izango dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak