Indarkeria matxista gaitzesteko ekintza ugari

Imanol Beloki Unamuno 2019ko aza. 22a, 12:01

Iaz, azaroaren 25ean Fernando Eskoriatza plazan egindako elkarretaratzean.

Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna azaroaren 25ean da, eta, horren bueltan, zenbait ekintza izango dira Eskoriatzan datozen egunotan. Besteak beste, Atama taldekoek emakumeentzat prestatutako autodefentsarako aholku-tailerra.

Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna da azaroaren 25ean, eta, horren bueltan, zenbait jarduera antolatu dituzte Eskoriatzan: ikus-entzunezko baten proiekzioa Zaldibar antzokian, elkarretaratzea Fernando Eskoriatza plazan, hitzaldia kultura etxean eta autobabes aholkuei buruzko tailer bat Joseba Iñurrategi pilotalekuan.

Lehenengo ekintza bihar izango da. Solo mía pelikula proiektatuko da, 19:00etan, Zaldibar antzokian. Javier Balaguer zuzendariaren filma da, eta Sergi Lopez eta Paz Vega dira protagonista nagusiak. Senar-emazte batzuen istorioa kontatzen da bertan. Bikotea ezkontzen denean, guztia da zoriontasuna, baina, emakumea haurdun geratzean, hor hasiko dira arazoak. Irainak hasiko dira, lehenengo oihuak, lehenengo belarrondokoa… eta emazteak bere senarraren benetako izaera bortitza ezagutuko du.

Elkarretaratzea eta hitzaldia

Astelehenean, azaroaren 25ean, berriz, elkarretaratzea izango da, 18:00etan, Fernando Eskoriatza plazan. Eta gero, Eskoriatzan Feminismoa Bizirik Taldeko kideek deituta, Las Guerreras Talde Feministako hiru kideren Lo que no se ve de la violencia de genero izeneko hitzaldia izango da kultura etxean, eta bertaratzeko dei egin dute Eskoriatzan Feminismoa Bizirik Taldeko kideek: "Hizlariak bailarakoak dira, eta indarkeria matxista sufritzearen gainean hitz egingo dute. Ez soilik ikusten denaz, barruan geratzen diren sentimenduez… Hemengo errealitatea ardatz izanda, ikuspuntu ezberdinak ezagutarazteko asmoz antolatu dugun saioa da. Erakundeen egitekoez, gizartea kontzientziatzeaz eta jokaera batzuen normalizazioa gaitzesteaz ere jardungo dugu…".

Autodefentsa tailerra

Horrekin batera, azaroaren 27an, Atama Arte Martzial eta Borroka Kiroletako Eskolako hiru irakaslek –Leire Rato, Argitxu Zubillaga eta Ariane Piñero– autobabes-aholkuei buruzko bi orduko tailerra emango dute emakumeentzat, 18:30ean, Joseba Iñurrategi pilotalekuko Atama taldearen lokalean. Lehenengo eta behin, indarkeria matxistaren bilakaera izango dute hizpide. Jarraian, prebentzio-aholku batzuk emango dituzte, eta, amaitzeko, erasoei aurre nola egin landuko dute, defentsa pertsonalaren oinarri gisa: bultzadak, norbaitek heldutakoan zer egin, eta kolpeak nola eman irakatsi. Izena emateko, 943 71 31 36 telefonora deitu beharko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak