Euskadiko txapelduna da Enaitz Testa eskoriatzarra

Imanol Beloki Unamuno 2019ko aza. 15a, 12:28
Enaitz Testa eskoriatzarra Euskadiko txapelketako azken lasterketan jauzia egiten.

Euskal Motoziklismo Federakuntzak antolatzen duen Euskadiko txapelketako zazpi lasterketak irabazi ditu motorzale eskoriatzarrak. Denboraldia amaituta, datorren urtean 85 zentimetro kubikoko motorren modalitatean hasiko da lehiatzen.

Enaitz Testa 12 urteko Eskoriatzako motorzalea txiki-txikitatik ari da motorrean, eta, zenbait txapelketatan aritu ostean eta emaitza bikainak lortu eta gero, Euskadiko moto-kros txapeldun berria da, 65 zentimetro kubikoko modalitatean.

Euskal Motoziklismo Federakuntzak antolatzen duen Euskadiko moto-kros txapelketa indartsu hasi zuen motorzale gazteak, eta ez du bere maila jaitsi urte osoan zehar. Izan ere, otsailean hasita, zazpi lasterketak irabazi ditu –azkena, urriaren 20an, Burgosen, Quintana Marian jokatutakoa–. Hala, bosgarren lasterketatik matematikoki irabazita zeukan txapela, baina, lehiatzen jarraitzeko asmoz, ez zioten pilotu gazteari ezer esan etxekoek. Honela adierazi du bere aitak, Ruben Testak: "Txapelketa guztian zehar oso ondo aritu da. Emaitzei begiratu besterik ez dago. Lasterketa bakoitzean 15-20 pilotu artean batzen dira eta, maila altua dagoen arren, guztiak irabazi izana ederra izan da. Bost lasterketa lehenengo postuan amaitu zituenean, Euskadiko txapelduna zela bagenekien, baina pixka bat itxaron dugu txapelketa amaitu arte, berari esan eta orduan ospatzeko. Hala ere, sariak abenduan edo urtarrilean emango dizkiotela esan digute federakuntzatik".

Enaitz Testa txapelarekin.

Mailaz igoko da datorren urtean

Bigarren urtez lehiatu da Enaitz Testa Euskadiko txapelketan. Iaz, lehenengo aldiz, eta sailkapen orokorrean bigarren postuan geratu zen. Hala, aurten, 65 MX modalitatean lortutakoarekin, datorren denboraldira begira 85 MX modalitatean arituko da. "Oso pozik eta gogotsu dago Enaitz kategoria berriari ekiteko; izan ere, hasi da 85 zentimetro kubikoko motorraz, eta entrenatzeko, asteburuan, Kataluniara joango gara, Yamahak Lleidan antolatzen dituen bi lasterketatan probatzera".

Anaia gazteak etorkizun oparoa

Enaitz Testaren anaia gazteak 9 urte ditu –Aratz Testa–, eta maila berean ari da, 65 MX modalitatean. Denboraldiaren hasieran izan zuen kolpe handi baten ondorioz, lasaiago aritu da, baina, hala ere, sailkapenean bosgarren postuan amaitu du txapelketa, etorkizun handia duela demostratuta.

Aratz Testa motorzalea Euskadiko txapelketako lasterketa batean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak