K-1 borroka kirolari hauspoa eman diote Eskoriatzan

Josu Bilbao 2019ko aza. 9a, 16:34

Basque Country txapelketa jokatu da gaur Eskoriatzan, eta pisu ezberdinetako kategoriatan batuta, erakustaldi polita eman dute Euskal Herri osotik gerturatu diren 59 borrokalariek. Debagoieneko ordezkariek lan ederra egin dute, Yaman Nogalesek urrea lortu baitu, eta Leire Ratok zilarra. Erreportajea osorik, martitzeneko Hemen Debagoiena saioan.

K-1 kirola "kalera ateratzea, herritarrengana gerturatzea eta modalitate honi hauspoa ematea", izan da Basque Country txapelketaren asmo nagusia, eta horretarako ikusmina goizetik sortu da Eskoriatzan. Izan ere, goizeko 09:00etan Benta Motz Berri tabernan Euskal Herri osotik etorritako 59 borrokalariak balantzara igo eta euren neurria eman behar izan dute. Batzuek pisua emateko komeriak izan dituzte, eta korrika edo ariketak egiten ibili behar izan dira, azken gramoak jaisteko helburuarekin.

Horrela, borroken txanda heldu da eguerdian Joseba Iñurrategi pilotalekuan. Bertan, bi ring-etan banatuta, eta 20 klub baino gehiagoko 59 borrokalari neurtu dira, arratsaldera arte. Nafarroatik eta Iparraldetik etorritakoak ere izan dira aurten lehian, izan ere, K-1 Euskal Herriko Federakuntzako presidente Jokin Ibarrak azaldu duen moduan, "helburua zazpi lurraldeetako ordezkariak batzea izaten da urtero".

Kanporaketak gaindituta, arratsaldeko 16:30etan hasi da dominak eskuratzeko lehia. Borroka onak ikusi ahal izan dira Eskoriatzako pilotalekuan, eta azpimarratzekoa izan da parte-hartzaileen arteko harreman ona. Behin borroka bukatuta, denek besarkada eman eta zoriondu dituzte haien aurkariak.

Debagoiendarrak ez dira esku hutsik gelditu gaurkoan. Eskoriatzako Atama taldean dabilen Leire Ratok zilarra lortu du, Goizane Perez bizkaitarren aurkako final gogorra galdu ostean. Hala ere, Rato "pozik" azaldu da finalaren ostean, "lan ona" egin duelako ring-aren gainean.

Basque Country txapelketan parte hartu duen beste debagoiendarrak sari potoloa lortu du. Izan ere, Coliseum taldeko Yaman Nogales gazte arrasatearrak urrezko domina jantzi du, finala aise irabazi ostean.

Nabarmentzekoa izan da aurten emakumeen parte-hartzea txapelketan. Hamar emakume igo dira ring-era, eta "maila geroz eta handiagoa" dela nabarmendu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak