Jasangarritasuna ardatz duten lanak ikusgai

Imanol Beloki Unamuno 2019ko aza. 6a, 17:20
National Geographic-ek ekoiztutako 'Before the flood' dokumentalak Leonardo DiCaprio du protagonista. 'Before the flood'

Eskoriatzako Udalak jasangarritasunari buruzko zine zikloa antolatu du azarorako, eta bertan, klima aldaketa, elikadura, eredu energetikoak eta mota horretako gaiak jorratuko dituzten hiru dokumental proiektatuko dira. Dokumental guztiak Zaldibar antzokian izango dira, 19:30ean, azaroko hiru egubakoitzetan, hilaren 8an, 15ean eta 29an. Azken bietan, solasaldia ere izango da adituen eskutik.

Egubakoitz honetan emango zaio hasiera zine zikloari, eta horretarako, National Geographic-ek ekoiztutako dokumentala izango da ikusgai. Leonardo DiCaprio du protagonista Before the flood lanak eta aktore ezagunak bidaia bati ekingo dio. Groenlandiako urruneko eremuak, Sumatrako oihan beroak eta Vatikanoko aretoak bisitatuko ditu, klima aldaketaren ondorio suntsitzaileak aztertzeko asmoz. Bere egoera pribilegiatua aprobetxatuko du Barack Obama, Elon Musk eta Frantzisko aita santuarekin hitz egiteko. Ikus-entzunezkoa gazteleraz proiektatuko da, 90 minutuko iraupena du eta sarrera doan izango da. Krisiaren arrazoietan murgilduz, DiCapriok galdera baten erantzuna bilatuko du: Zerbait egin ote daiteke berandu izan baino lehen?

Hurrengo proiekzioa, berriz, Bide berriak lana izango da, azaroaren 16an. BiziLur eta EHNE Bizkaiak ekoitzitako dokumentalak elikadura burujabetza Euskal Herrian izango du hizpide. Proiekzioaren ostean, solasaldia egongo da Ane Gorosabelekin.

Azken proiekzioa, aldiz, azaroaren 29an izango da. Energia trantsizioak, Piztu Aldaketa! dokumentala ikusi, eta ostean, solasaldia izango da Goienerko kide batekin.

Tabernak egitasmoarekin bat

Eskoriatzako hainbat tabernak, Udalarekin elkarlanean, eskaintza gastronomiko berezia prestatu dute zine ziklorako, eta zinemarako sarrerarekin batera eko-hanburgesak edo zero kilometrodun ogitartekoak eta edari bat dastatu ahal izango dira, sei eurotan. Taberna hauetan: Compostela, Akeita, Alcazar, Hotela, Urrestilla eta Toki Alai.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak