Ardo mota ugari, pintxo bereziekin lagunduta

Imanol Beloki Unamuno 2019ko aza. 4a, 16:26
Iaz, ardo dastaketa egunean.

Atxorrotx Kultura Elkarteak antolatzen duen ardo-dastatzearen hamabigarren edizioa izango da azaroaren 9an, zapatuan. Hori horrela, ardo mota ugari eta pintxo bereziak probatzeko aukera izango da Fernando Eskoriatza plazan, 18:30ean hasita.

Eskoriatzako Atxorrotx kultura elkarteak ardo-dastatzea antolatu du aurten ere. Aurtengoa hamabigarren edizioa izango da, azaroaren 9an, zapatuan izango dena Fernando Eskoriatza plazan. 18:30etik aurrera zenbait upategitako ardoak probatzeko aukera izango da eta pintxoak ere jarriko dituzte edatekoari laguntzeko.

"Eskoriatzako Txistulari Taldeak alaiturik, giro ederra izaten da herrian errotuta dagoen festan. Ardo goxo bat pintxo berezi batekin lagunduta hartzeko aitzakiarekin kuadrilla ugari batzen dira, eta prezioei dagokienez, berriz, ardo batzuek bi uroko kostua izango dute eta beste batzuek, aldiz, euro batekoa", adierazi du Iñaki Kortazar Atxorrotx Kultura Elkarteko kideak.

Aukera ugari ardo-dastatzean

Antolatzaileek hiru ataletan sailkatu dituzte bertan izango dituzten ardoak: Euskal Herrikoak, zuriak eta kanpokoak. Bertakoei dagokienez, Biga Luberri (Eltziego), Fya (Moreda), Belezos (Lapuebla) eta Castillo de Monjardin (Nafarroa) ardoak izango dira. Zurietan, berriz, Montilla Murieles, Sardasol Chardonnay, Faustino Rivero Albarino, eta Vino Verde Portugal. Kanpokoak, berriz, honako hauek izango dira: Pares Balza (Penedes), Barbazul (Cadiz), Bancales Mendia (Rivera) eta Ferrai Ovg Garnacha (Cariñena).

Ardo mota horiez guztiez gain, pintxoak ere izango dira, eta bereziak, gainera. Ahate-konfita, foiea eta urtero jartzen duten sorpresazko pintxoa izango dira aukeran.

Aurretik pailazoak

Ardo dastaketa egun berean ohikoa izaten da Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen ikuskizuna izatea, eta aurten ere halaxe izango da. 17:30ean, Manuel Muñoz kiroldegian, Bizi dantza ikuskizun berria izango da, eta dantzak oinarri, berezitasun moduan, Eskoriatzako dantza taldeari gonbidapena egin, eta ikuskizunean parte hartuko du.

Ikuskizunerako sarreren zozketa ere izango da Eskoriatzako udalaren eskutik. (Zozketan parte hartzeko)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak