Partxis parkeko eremuaren berriztapena abenduan egindako osoko bilkuran onartu zuten. Hain zuzen ere, udalbatzako kideek 2019ra begirako aurrekontuak onartu zituztenean. Hala, proiektu hau inbertsio nagusien artean zegoen lanetako bat da, eta parte-hartze prozesua garatu ondoren, proiektu egokiena aukeratu eta lizitaziora atera zuten uztailan.
Proposamen tekniko egokiena
Lau enpresa aurkeztu ziren eta, horietako bat kanpoan geratu ostean, azkenean, Kompan izeneko enpresa izan zen obra egiteko hautatua –Kuatruena auzoan jolas-parkea egin zuen bera–.
"Kompan enpresak proposamen tekniko egokiena eta prezio hobekuntza aurkeztu zuen. Izan ere, 69.212 euroko kostua izango dute lanek eta, hasiera batean, lizitazio prezioa 78.600 eurokoa zen", adierazi du Josu Ezkurdia Hirigintza eta Mugikortasun batzordeburuak.
Bi edo hiru astean amaituta
"Balorazio teknikoa egiterakoan material jasangarriak erabiltzea eta joko inklusiboak sartzea kontuan hartu zituen Kompan enpresak", adierazi du Ezkurdiak. Hala, horren aldeko apustua egitea erabaki dute. Udal ordezkariek adierazi duten moduan, bi edo hiru aste inguru iraungo dute lanek, eta ordura arte itxita egongo da eremua.