"Bertso eskolan ez dira asko izango, baina daudenak oso indartsu datoz"

Xabi Gorostidi 2019ko urr. 26a, 10:17
Oihana Arana, Onintza Enbeitaren alboan kantatzen. (Argazkia: Ibai Zabala)

Bariku gaua "primerakoa" izan zen atzo, Eskoriatzako Egokiena elkartean. Bertso afaria egin zuten eta 68 lagun batu ziren mahaiaren bueltan. Xabi Arenaza aritu zen gai-jartzaile, eta mikrofonoa esku artean, Onintza Enbeita, Unai Iturriaga eta etxeko bi bertsolari: Haizea eta Oihana Arana. Azken hauek maila aparta eman zuten, puntako bertsolarien aurrean. 

"Dena ondo irten zen atzo. Hasieran bazkideen artean egin genuen deialdia eta ez genuen aparteko erantzunik jaso. Baina deialdia herri osora zabalduta, jendeak bikain erantzun du eta 68 lagun batu ginen bertso giroan afaltzeko" azaldu du elkarteko kide Inaxio Herrerak. 

Lagun kuadrilla elegantea batu zen atzoko bertso-afarian. (Argazkia: Ibai Zabala)

Punta-puntako bi bertsolariren alboan aritu ziren Haizea eta Oihana Arana eskoriatzarrak kantuan, eta Herrerak dio ez zirela horien aurrean kikildu: "Bi profesionalen alboan abestea ez da erreza, baina atzokoan Haizea eta Oihana ederto ikusi nituen. Polita da herriko bertsolariak maila horretan aritzea. Bertso eskolan ez ez dira asko izango, baina daudenak oso indartsu datoz". 

Bertso afari giroan umoretik jotzen da asko, eta atzokoan hala jardun zuten bertsolariek: elizarekin eta eliza inguruko elkarteekin sartu ziren, Onintza Enbeitaren telebista programarekin... baina horrez gain, ariketa bisualak ere egin zituzten: "Unai Iturriaga marrazkilaria ere badenez, une batez marrazkiak egiten jarri zen beste hirurek bertsotan egiten zuten artean. Eta gero, Zein da zein jokora jolasten aritu ziren, ikusleak bertsoz deskribatuz eta nori buruz ari ziren asmatzen". 

Atzokoak emandakoa ikusita, datorren urtean "errepikatzeko gogoz" daudela azaldu du Herrerok. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak