Zuloetan barrena arituko dira pilotuak 4x4 trialean

Imanol Beloki Unamuno 2019ko urr. 25a, 13:27
Iaz, Torrebaso poligonoan egindako 4x4 trial erakustaldia.

Eskomotor taldeak antolatutako Eskoriatzako hamabigarren 4x4 trial erakustaldian, 25 gidarik hartuko dute parte. Aurten, errepikatu egingo dute lekua; izan ere, iazko toki berean izango da proba. Hain zuzen ere, Torrebaso poligonoan, 15:00etan hasita.

Zapatu honetan, hamabigarren 4x4 trial erakustaldia izango da Torrebaso poligonoan. Hau da, Esteibar baserriaren eta argitransformadorearen arteko lurzatian. Aurten, bigarrenez egingo dute leku horretan, eta, izenematea beteta –25 pilotu–, gaur arratsaldean eta bihar goizean atonduko dute eremua.

Eskomotor taldeak antolatuta, eta Eskoriatzako Udalak babestuta, hogei lagun inguru arituko dira aurretiko prestakizun lanetan eta egunean bertan laguntzen. Hala, probaz gozatu nahi dutenek hiru euro ordaindu beharko dute sarrera, eta eremuaren barruan musika eta txosna izango da.

Abantailak eta desabantailak

"Beste lekurik ez dugunez, Torrebasoko lursailean egingo dugu aurtengo edizioa. Leku txikia izan arren, bere abantailak ditu; esaterako: leku zoragarria da, herritik gertu dago eta ikusleak autoetatik gertu egon daitezke erakustaldiaz gozatzen… Hala ere, autoak mugitzeko leku txikia dago, eta, horregatik, partehartzaile kopuru muga ezarri behar izan dugu. Beraz, pazientzia eskatzen diegu ikusleei. Honekin batera, eguraldiak ere asko baldintzatzen du; ea ona egiten duen…", azaldu du Ibon Aranburuzabalak, Eskomotor taldeko kideak.

Galiziatik parte hartzera

Errepidean ibili daitezkeenek eta hibridoek edo prototipoek parte hartuko dute hamabigarren edizio honetan, eta pilotuak, bailarakoak zein Bizkaitik eta Nafarroatik datozenak izango dira gehienak. Hala ere, kanpotik ere izango dute bisitaria: "Euskal Herritik kanpoko zenbait laguni beti egiten diegu gonbidapena, eta aurten, Galiziatik etorriko da lagun bat parte hartzera. Proba ikustera etorri izan da zenbait ediziotan, baina lehenengo aldiz izango da parte hartzen Eskoriatzan", adierazi du Aranburuzabalak.

Eskerrak laguntzaileei

Antolakuntzako kideek eskerrak eman gura izan dizkiete prestaketa lanetan eta erakustaldian laguntzen aritzen dien guztiei, babesleei, eta baita Eskoriatzako Udalari, urtero-urtero emandako laguntzagatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak