Bigarren eskuko azoka musikaz girotuta izango da egubakoitzean

Imanol Beloki Unamuno 2019ko urr. 21a, 15:16
Rockalean taldea, Aretxabaletan.

Egubakoitzean, 18:00etatik aurrera,bigarren eskuko azoka izango da Fernando Eskoriatza plazan. Denetarik saldu eta erosi ahal izango da azokan, betiere, egoera onean baldin badago eta bigarren eskukoa baldin bada: liburuak, diskoak, arropa, altzariak, jostailuak, kirol materiala… egitasmoaren helburua, berrerabilpena izanik. Horrekin batera,  18:30etatik 20:30etara Rockalean taldea izango da musikaz girotzen.

Beste behin egingo da bigarren eskuko azoka Eskoriatzan. Hala, egoera onean dauden materialak saldu nahi dituztenek postua jarri ahal izango dute bertan. Horretarako, udalak mahaiak jarriko ditu eskuragai. Interesa dutenek mahaia erreserba dezakete kultura etxera deituz943 7146 88 telefono zenbakira deituz, edo mezua idatziz kultura@eskoriatza.eus helbidera.

Musikaz girotuta

Azokarekin batera, Rockalean taldea arituko da 18:30etatik 20:30era azoka girotzen. Bost musikarik osatutako taldea da Rockalean, eskarmentu handikoak, eta rock-aren eta pop-aren historiako talde handien bertsioak egingo dituzte. 

Postu solidarioa

Horretaz gain, eta aurreko azokan egin zen bezala, postu solidarioa jarriko da, eta hor batuko den dirua Sendabide elkartearentzat izango da (VHL sindromearen ikerketari laguntzeko elkartea).

Sendabide Euskal Herriko Von Hippel Lindau sindromearen inguruan eragiteko sortutako elkartea da, gaixotasunaren eraginak jaso dituztenek, familiartekoek eta lagunek eratua. 2018an sortu zen Sendabide bi helburuarekin: alde batetik, gaixotasun arraro hori ezagutzera emateko; eta, bestetik, ikerketa proiektuak sustatzekoarekin. VHL sindromea ezaugarri genetikoek sortzen dute, eta VHL izeneko geneak duen mutazioaren ondorioz gorputzeko hainbat ataletan tumoreak hazten dira.

Gauzak horrela, deialdia egiten diete herritarrei erabiltzen ez dituzten arren erabilgarri dauden arropak, altzariak, jostailuak… aurreko egunetan kultur etxera eramateko edo egunean bertan 16:00etatik aurrea plazara eramateko. Jendeak eramandakoa sailkatu eta prezioa jarri ondoren, azokan jarriko da salgai. Beraz, postu solidario horretan parte hartzera animatu gura dituzte udaletik herritarrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak