Etxeko lanak eginda, hasteko gertu

Imanol Beloki Unamuno 2019ko urr. 18a, 09:10
Eskoriatza areto futbol taldeko emakumezko seniorrak talde argazkian.

Gipuzkoako ligako senior mailako emakumezkoen Eskoriatza taldeak denboraldiko lehenengo partidua jokatuko du gaur, Manuel Muñoz kiroldegian. 22:00etan hasiko da neurketa, eta aurkaria Teep Samaniego Orixe Tolosaldea taldea izango da.

Gaur, jokatuko du aurtengo denboraldiko lehenengo partidua areto futboleko senior mailako emakumezkoen Eskoriatza taldeak. Lehenengo jardunaldian, urriko lehenengo asteburuan, atsedenaldia izan zuten; pasa den astean, berriz, ez zen partidurik izan; eta, hala, gaur hasiko dute denboraldia Ander Romeroren neskek.

22:00etan izango da partidua Eskoriatzako Manuel Muñoz kiroldegian, eta aurkaria Teep Samaniego Orixe Tolosaldea taldea izango da. Denboraldiaurrean egindako lan gogorrak bere fruituak emateko "gogoz" eta "irabazteko asmoz" irtengo direla kantxara adierazi du entrenatzaileak: "Iraileko lehenengo astean hasi ginen denboraldi berria prestatzen, eta, entrenamenduez gain, lagunarteko lau partidu jokatu ditugu Bizkaiko taldeen aurka. Hiru partidu irabazi ditugu eta beste bat berdindu; beraz, emaitza onekin hasi garela esan dezakegu…", adierazi du Ander Romero entrenatzaileak.

Berrikuntza gutxi

Gipuzkoako ligan, senior mailako emakumezkoetan zortzi talde izan ziren lehian pasa den denboraldian. Aurten, berriz, bederatzi izango dira, eta ligan izango den talde berria Tolosala Orbela Taberna taldea izango da. Eskoriatzak ere aldaketa bakarra izango du taldean iaztik hona: jokalari bat joan da –Ane Caceres–, eta berri bat etorri –Eli zabet Flores–. Hala, aldaketa handi barik, partiduz partidu eta pausoz pauso joatea dela beraien asmoa adierazi du Romerok: "Ligako taldeak ezagutzen ditugu, eta badakigu jokalari berriak ere egongo direla; hala ere, gure asmoa ahalik eta lanik hoberena egitea izango da, betiko moduan, eta, horrekin batera, goiko postuetan mantentzea hasiera-hasieratik. Gero, liga amaieran, sailkapenenean lehenengoak geratzen bagara, ezin hobeto, baina goiz da hori esateko. Lehengo pausoa autoexijentzia sustatzea izango da gure jokalarien artean. Izan ere, hamar emakumezko ditugu taldean, eta denek jokatuko dituzte partiduak, eta hori badakite. Hala, lehenengo jardunalditik jarriko dugu hori praktikan. Ea garaipena lortzen dugun, denboraldiari hasiera borobila emanez".

Honako hau da denboraldi honetara begira Eskoriatzako emakumezko seniorren zerrenda:

1 Amaia Isasmendi

2 Mirari Romero

4 Goizane Zubizarreta

5 Sherezade Moreno

6 Marta Garcia

8 Elaitz Iregi (kapitaina)

9 Elizabet Flores

10 Naroa Martinez

11 Aitziber Soriano

12 Olaia Miguelez

Delegatua: Enrike Iregi

Entrenatzailea: Ander Romero

Gizonezkoek ere etxean

Maila nazionalean aurten hasi berri den gizonezkoen Eskoriatzako taldeak, berriz, denboraldiko laugarren jardunaldia jokatuko du zapatuan. Hain zuzen ere, Sasikoa Durango taldea izango dute aurkari Iker Molinaren mutilek, eta, arratsaldeko seietan hasita, partidua Manuel Muñoz kiroldegian izango da.

Orain arte hiru partidu jokatu dituzte: lehena irabazi, bigarrena berdindu eta hirugarrena galdu egin zuten. Hala, sailkapenean zortzigarren postuan daude, lau punturekin. Zapatuan aurkari izango duten Sasikoa Durango taldeak, berriz, emaitza hobeak lortu ditu orain arte. Izan ere, berdinketa batekin eta bi garaipenekin, laugarren postuan dago sailkapenean, zazpi punturekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak