Nerea Ibarzabal: "Beteta genituen puxikak eta uteroak"

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko urr. 12a, 10:37

Malen Amenabar, Oihana Bartra eta Nerea Ibarzabal aritu ziren atzo bertsotan, Eskoriatzan. Emakumeak eta emakumeen egunerokoa izan ziren protagonista Ez da kasualitatea bertso saio musikatuan. Bikain aritu ziren, baita ere, Gari Otamendi bibolin-jotzailea eta Araitz Bizkai gitarra-jotzailea.

Atsegina eta dibertigarria izan zen atzoko bertso emanaldia, Eskoriatzan. Maite Berriozabalek egin zituen gai-jartzaile lanak eta hainbat egoeratan ipini zituen bai bertsolariak bai haiek entzutera hurbildutako entzuleak. Hasierako eta amaierako agurra kontuan hartuta hamabi ariketa egin zituzten bertsolariek. Saioari egindako ekarpenarengatik nabarmentzekoa da, baita ere, Gari Otamendik eta Araitz Bizkaik egindako lana. Hamabi doinu desberdin proposatu zituzten, eta guztiak oso ondo ekarriak.

Saioaren ardatza emakumea izanik askotariko egoerak planteatu zituen Berriozabalek. Marokotik etorri eta domeketan ere fruta denda zabaltzen duen etorkinaren paperean jarri zuen, esaterako, Malen Amenabar. Nerea Ibarzabal, berriz, mutil lagunak utzi berri duen hamazazpi urteko neskaren paperean jarri zuen. Hiruko harremanak, sexua, hilekoa, ama-alaba harremanak, pixa larria, 'betiko' hitza... denetarik izan zen saioan. Altsasuko gazteei eskainitako bertso sorta ere bai.

Albiste honetara ekarri dugun bertso sortan hiru bertsolariek hartzen dute parte. Bartrak hiruko sexu-harreman bat abiarazi nahiko luke, eta hamar minutuko aldearekin egin du hitzordua lehenengo Ibarzabalekin, eta ondoren Amenabarrekin.

Ekintza gehiago Aretxabaletan, gaur

Atzoko bertso saioa Eskoriatzako eta Aretxabaletako Emakumeen Topaketa egitasmoaren barruan sartzen da. Martxoaren 8an Aretxabaletako eta Eskoriatzako udaletan greba egin zuten emakumeek kobratu ez zuten diruarekin antolatu da.

Gaur, ekintza gehiago izango dira Aretxabaletan. 09:00etan mendi buelta bat abiatu da Arkupetik, eta ondoren sendabelarrak ezagutzeko aukera izango da Ekoudalatx-en eskutik.

Antzerkia ere iragarri dute. 19:00etan Nomofobikak: Sarean kateatuta antzezlana izango da, Arkupen.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak