Juan Luis Zubizarreta: "Bazkide berri bila, erronka berriari ekiteko"

Imanol Beloki Unamuno 2019ko urr. 11a, 09:43
Juan Luis Zubizarreta, Atxorrotx Kultura Elkarteko lehendakaria.

150 Baietz lelopean bazkide kanpaina jarriko dute martxan Atxorrotx Kultura Elkarteko Kideek. Horretarako, zenbait ekintza egingo dituzte urte amaiera arte, eta bazkide egiteko, eskuorri batzuk jarriko dira zenbait taberna eta komertziotan, eta info@atxorrotx.eus helbide elektronikora idatzita ere egin daiteke.

Herriko eragile esanguratsua den Atxorrotx Kultura Elkarteak bazkidetza kanpaina jarri nahi du martxan, aro berri bati hasiera emateko asmoz. Herriarentzat lanean jarraituko du, baina aurrerapauso bat eman nahi du, elkartea indartzeko, ekintza kopurua handitzeko eta, batez ere, Eskoriatzako kultura arloari bultzada emateko.

Bazkide kanpaina jarri nahi duzue martxan. Beharra dago?

Bai. Gure helburua, epe motzera, bazkideak lortzea izango da. Horretarako, 150 baietz lelopean hainbat ekintza burutuko ditugu hemendik urte amaiera arte. 100 bazkidetik gora izan ditugu azken urteetan; hala ere, krisi ekonomikoa irten zenetik… zenbaitek utzi egin zuten elkartea, eta, gaur egun, 92 kidek osatzen dugu.

Badira zenbait urte Atxorrotx Kultura Elkarteak bere ibilbidea hasi zuela, ezta?

Urriaren 30ean, 26 urte beteko ditugu. Orduan hasi ginen, orain Inkernun taberna dagoen lokala erosi genuenean… Handik hamar urtera, 2003an, berritu egin genuen taberna, eta kultura elkarte moduan hasi ginen funtzionatzen. Ordutik, zenbait ekintza antolatu ditugu.

Zeintzuk dira ekintza horiek?

Ekintza finko batzuk ditugu: Errekan Gora, Elkartearen Eguna, ardo dastaketa, Kontzejupe pilota txapelketa, Inkernuko kontzertuak –erreferente bat dena Euskal Herri mailan–. Beste elkarte batzuei laguntza ematen ere saiatzen gara: Aste Zapatistari, Gabez Takarraran mendi-lasterketari… Horrez gain, laguntza ekonomikoa ere ematen diogu Kirol Elkarteari, presoen aldeko mugimenduari, eta orain, baita emakumeen mugimenduari ere. Zenbait momentutan, auzolanak ere egin izan ditugu, eta horietan parte hartu…

Nola finantzatzen duzue elkartea?

Bazkide bakoitzak hilero ekarpen ekonomikoa egiten du. Horrez gain, dirulaguntzen beharrak izaten ditugu ekintza puntualak aurrera eraman izateko. Inkernu tabernaren esplotazioa ere gure gainean dago.

Elkartearen estruktura, berriz, nolakoa da?

Zuzendaritza zazpi bazkidez osatuta dago, eta, lau urtean behin aldatu behar dugun arren, orain gauden kide batzuek zortzi urte daramatzagu, nahiz eta azkenengo bi urteetan lau pertsona aldatu ditugun. Honekin batera, urtero batzar orokor bat egiten dugu, irizpide ezberdinak markatzeko. Hain zuzen ere, ideiak elkartrukatzeko batu garenean, aldaketa baten beharra ikusi dugu. Momentu honetan dugun helburua elkartea indartzea eta bazkide berriak lortzea da, hori da helburua. Bazkide egiteko aukera modu ezberdinetan jarriko dugu martxan. Eskuorri batzuk jarriko dira zenbait taberna eta komertziotan, eta info@atxorrotx.eus helbide elektronikora idatzita ere egin daiteke.

Berrikuntzak aipatu dituzu; esaterako?

Berrikuntzen aldetik, guretzat garrantzitsuena Etxerat elkartearekin hasi behar dugun elkarlana da, presoen egoera eta problematika herrira zabaldu eta familiei laguntzea. Bestalde, Inkernun egiten diren kontzertuak finkatu eta ekintza gehiago egitea da gure asmoa, herriko beste elkarteekin elkar-laguntza ere bultzatuz.

Pauso bat gehiago emateko, gaur, bi kontzertu, ezta?

Hala da. Hain zuzen ere, Oi! estiloa uztartzen duten bi talderen emanaldiak izango ditugu gaur. Azken Sustraiak eta Criminal Remains taldeak izango dira Inkernun; 22:00etan hasiko dira. Horrez gainera, aurrerago, Siroka eta Unidad Alavesa taldeen kontzertuak ere izango ditugu, baina zehatuko dugu zein egunetan izango diren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak