Iruña-Veleia aztarnategia aztergai izan dute

Imanol Beloki Unamuno 2019ko urr. 10a, 11:52
'Zer gertatzen ari da Iruña-Veleian?' hitzaldia Ibarraundin.

Atzo, Juan Martin Elexpuru idazle eta filologoak Zer gertatzen ari da Iruña-Veleian? izeneko hitzaldia eskaini zuen Ibarraundi museoan. Horrekin batera, Arabako aztarnategia bisitatzeko irteera antolatu du Atxorrotx Kultura Elkarteak domekarako.

Iruña-Veleiako aztarnategian, 2004an eta 2005ean, 400 bat grafito aurkitu zituzten latinezko eta euskarazko testuekin; hieroglifiko egiptoar batzuk eta greziar alfabetoz idatzitako zenbait hitz ere bai, baita marrazkiak ere. Hasieran, ontzat eman ziren, eta handik gutxira, zalantzak hasi.

Iruña-Veleia kasua

Arabako Foru Aldundiak 2008ko azaroan Iruña-Veleian lanean ari zen talde arkeologikoa aztarnategitik bota zuen eta 2009ko martxoan, Eliseo Gil zuzendariaren, Oskar Escribano geologo eskoriatzarraren eta beste kide baten aurkako kereila aurkeztu zuen epaitegian, idazkunak faltsuak zirela leporatuta. Kasua irten zenetik hamarkada bat pasata, oraindik ez dago garbi aztarnategian egindako aurkikuntzak egiazkoak ala faltsuak diren. Hori horrela, Iruña-Veleiaren istorioaren berri emateko, eta gaia hobeto ulertzeko, Juan Martin Elexpuru idazle eta filologoaren hitzaldia izan zen, atzo, Ibarraundin. Zer gertatzen ari da Iruña-Veleian? izeneko hitzaldia eskaini zuen, eta hiru bloketan banatuta eman zuen honen berri. Batetik, Iruña-Veleian egindako aurkikuntza; bestetik, egon den polemika; eta, azkenik, gaur egungo egoera judiziala. –Informazio gehiago Elexpururen blogean–.

Elexpuru hitzaldia ematen.

Bisita gidatua domekan

Honekin batera, domeka honetarako, Iruña-Veleiara irteera antolatu du Atxorrotx Kultura Elkarteak, aztarnategia bisitatzeko. Nork bere kabuz joan beharko du, eta bisita doakoa izango da. Iruña-Veleian 10:45ean elkartu arren, 10:00etarako egin dute hitzordua Ibarraundin, bertan autoetan banatzeko. Izena eman nahi duenak Inkernu@ atxorrotx.eus edo bisitak.sosirunaveleia@gmail.com helbideetara idatzi edo 615 79 92 58 zenbakira deitu beharko du.

Erakusketarik ez

Aste honetan, aurreikusita zegoen Iruña-Veleia aztarnategian egindako aurkikuntzak batzen dituen erakusketa egiteko museoan, baina bertan behera geratu da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak