Berdinketarekin konformatu behar izan da Eskoriatza

Mirari Altube Arrese 2019ko urr. 6a, 20:10

Liga Nazionalean denboraldia hasi berri duen Eskoriatzako areto futboleko taldea irabazteko gogotsu kantxaratu da. Gainera, etxean jokatutako lehenengo partidua izan, da eta hiru puntuak bai ala bai eskuratu gura zituen. Santurtzi, baina, ez da kikildu atzetik ibili arren ia uneoro, eta azkenean, launa berdinduta bukatu dute.

Zaleen berotasuna gura zuten eskoriatzarrek jakinik etxeko partiduak irabazteak garrantzi handia duela, eta harmailak goraino bete dira. Etxekoek hartu dute aurrea markagailuan lehenengo gola eginda baina Santurtzikoak ez dira galtzera etorri eta laster berdindu dute. Aukera gehiago izan dituzte eskoriatzarrek lehenengo zatian, baina golak egitea kosta egin zaie. Bigarrena iritsi da gero entseatutako jokaldi batean, eta atsedenaldira aurretik joango zirela uste zutenean, gola egin die Santurtzikoek. Etxekoek egindako huts baten ondorioz izan da, eta jokalariak haserre joan dira aldagelara. Binako berdinketa zen markagailuan.

Akatsak, baina, ez die eragin irabazteko gogoan eta aukera politak izan dituzte bigarren zatiaren hasieran; baita hirugarren gola egin ere. Indarrak parekatzen joan dira, eta tentsioa handitzen, eta Santurtzikoen hirugarren gola etorri da lehenengo eta laugarrena ondoren. Orduan, atezain-jokalaria atera dute etxekoek, dena emateko asmoarekin, baita berdindu ere partidua. Azken segundora arte saiatu dira irabazten eskoriatzarrak, baina, eskuratu duten puntu bakar hori ere ontzat eman dute bukaeran.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak