Kanpoan irabazita hasi du erronka berria Eskoriatzak

Imanol Beloki Unamuno 2019ko urr. 4a, 15:19

Eskoriatza areto futbol taldea Batzarreren aurkakoan, Abetxukon.

Eskoriatza areto futbol taldeak maila nazionaleko denboraldia pasa den asteburuan hasi zuen. Batzarre talde gasteiztarraren aurka etxetik kanpo jokatu zuen, eta, 3-4 irabazita, bikain hasi dute erronka berria Iker Molina entrenatzailearen mutilek. Domeka honetan, berriz, etxean jokatuko dute 18:00etan, Santurtzi taldearen aurka.

Eskoriatza areto futbol taldeak pasa den asteburuan izan zuen maila nazionaleko denboraldi berriaren lehenengo jardunaldia. Denboraldi-aurrea behar den moduan prestatzen aritu izan dira; izan ere, urte dezente dira maila honetan ez zuela Eskoriatzak jokatzen. Hala, erronka berria gogoz hartuta, eta lehenengo partidua etxetik kanpora izanda, hiru puntuak batuta bueltatu ziren eskoriatzarrak, Abetxuko kiroldegian Batzarre taldeari 3-4 irabazi ostean.

Markagailuari buelta emanda

"Gogotsu joan ginen denboraldi berriko lehenengo partidura, baina ez ginen oso fin aritu lehenengo zatian. Izan ere, 2-0 galtzen hasi ginen, baina atsedenaldiaren aurretik berdinketa lortu genuen. Horren ostean, markagailuari buelta eman, eta hiru puntuak eskuratuta, maila nazionalean ondo hasi garela esan dezakegu. Edozelan ere, lehia estua izan genuen, eta aurten hori tokatzen da. Talde gogorrak izango ditugu urte osoan zehar, eta helburuak maila mantentzea izan behar du", adierazi du Iker Molinak, Eskoriatza areto futbol taldeko entrenatzaileak.

Etxean, domekan

Denboraldiko bigarren jardunaldian, berriz, domekan 18:00etan jokatuko du Eskoriatzak, Santurtzi taldearen aurka, Manuel Muñoz kiroldegian. Horrela, hasiera onari jarraipena emateko asmoz, zaleei kiroldegira joan daitezen eskatzen diete taldekideek.

Lau taldeen garaipena

Maila nazionaleko areto futbol taldeaz gain, Eskoriatza areto futboleko talde guztiek garaipena lortu dute lehenengo jardunaldian. Senior mailako emakumezkoek 5-1 irabazi zioten –liga hasi barik, lagunartekoa– Beti Gol taldeari; Gipuzkoako bigarren mailako Eskoriatza taldeak, berriz, 3-2 irabazi zion Ostiko Sindikatu tabernari; eta gazte mailakoek 5-0 irabazi zioten Lauburu taldeari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak