Ikasturte honetan hamar urte betetzen dira Berbalagunak egitasmoa Eskoriatzan martxan jarri zela. Hori ospatzeko ekitaldi berezia egongo da urriaren 2an, datorren eguaztenean, 19:00etan, Zaldibar antzokian. Bertan, urte hauetan guztietan Berbalagunetan parte-hartu duten kideak ez ezik, herritar guztiei irekitako ekitaldia izango da.
10 Berba, 11 lagun lelopean, hamarkada honetan Berbalagunen taldean izandako zenbait kideren testigantzak entzuteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Horrekin batera, Imanol Ituño magoaren trukoak ere izango dira, besteak beste. Hala adierazi du, gaur egun, Berbalagunak taldeko dinamizatzailea den Iratxe Arresek: "Hamar urtetan egindakoaren berri emateko bideo bat proiektatuko dugu. Zenbait dinamizatzaile izan gara Berbalagunetan, bidelagunak, eta bidelariak. Beraz, animatu direnekin grabaketak egin ditugu, beraien esperientziak herritarren artean zabaltzeko asmoz".
Ordutegien kalbarioa
Arresek gaineratu du bost talde izan dituztela; Ahobizi-belarripresten taldea, pintxo-potekoena, kafe ordukoena, guraso Berbalagunena, eta baita paseo Berbalagunena. Eta gaineratu du, partaideekin, egun eta ordu aldaketak egitea normala izan dela: "pertsonekiko ordutegiak zehazten saiatzen gara, eta aldaketa ugari egiten ditugu parte-hartzaileen lana edo ikasketak medio, baina beti bilatu dugu irtenbideren bat. Hala, orain arte egindakoak eta pasatako momentuak gogorarazi, eta hemendik aurrerako erronkak… azaleratuko".
Feedback positiboa
Berbalagunak taldean aritutakoen testigantzak positiboak direla, eta gehienek bidelagunen garrantzia azpimarratu dutela adierazi du Arresek.