Eskubide berak dituztela aldarrikatuko dute

Imanol Beloki Unamuno 2019ko ira. 26a, 11:00

Iaz, Garun Paralisiaren Nazioarteko Egunaren bueltan, haurrak jolasak egiten.

Luis Ezeizako ikasle guztiek, Tximeleta gelakoek barne, elkarrekin jolasteko, ikasteko, harremantzeko... eskubidea dutela lau haizetara zabaltzeko, Denok ditugu eskubide berdinak lelopean Garun Paralisiaren Nazioarteko Egunarekin bat egingo dute. Hala, urriaren 2an ospatuko duten arren, aste osora begirako ekintzak antolatu dituzte.

Urriaren 2an, eguaztenean, ospatuko dute Luis Ezeiza Herri Eskolakoek Garun Paralisiaren Nazioarteko Eguna. Hala ere, ekintzez beteta, aste osora begirako egitaraua prestatu dute, urtero moduan.

Herri eskolan Tximeleta Gela dago; Aspaceko gela egonkor bat da, eta bertan, garun paralisia edo aniztasun funtzionala duten ikasleak daude. Gaurgaurkoz, lau ikasle daude; hain zuzen, urriaren 2an eta aste osoan zehar, ikasle horiek ezagutarazteko zenbait ekintza egingo dituzte.

'Performance'-a patioan

Urriaren 2an izango da ekintza nagusia: Haur Hezkuntzako eskolako patioan zuhaitz handi bat irudikatuko dute, 15:00etan hasita, Denok ditugu eskubide berdinak lelopean. "Irakasle eta ikasle guztiok batera, lurrean etzanda zuhaitz bat sortuko dugu, behera begira gaudela, eta Aspacek ateratako Dale la vuelta izeneko spotarekin eta aurtengo leloarekin jokatuko dugu. Hala, lurretik altxatzerakoan, ikasle bakoitza eskubide bat izango da…", adierazi du Maitane Gomez de Segurak, Luis Ezeiza Herri Eskolako irakasleak. Ekintza gauzatuko duten ordua oraindik zehazteko, gurasoei ere egingo diete dei bertaratu daitezen. Jaiaren helburua pertsona guztien eskubideak aldarrikatzea dela adierazi dute.

Elkar ezagutuz

Urriaren 2ko ekintzaz gain, astean zehar, Haur Hezkuntzako ikasleek Tximeleta Gela bisitatzeko aukera izango dute. Izan ere, Haur Hezkuntzakoak beste eraikuntza baten daudenez, ez daukate Tximeleta Gelakoekin jolasteko aukera askorik. Beraz, Garun Paralisiaren Nazioarteko Eguna aitzakia hartuta, denek batu eta elkar ezagutu eta jolasteko aprobetxatuko dute.

Ikus-entzunezkoak eta jolasak

Lehen Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailetakoek zentzumen jolas ezberdinak egingo dituzte Tximeleta Gelakoekin batera eta The Present film laburra ikusiko dute. Hirugarren eta laugarren mailetakoek, aldiz, zentzumen jolasak egiteaz gain, gaiarekin lotutako film laburrak ikusiko dituzte, eta ostean, bideo-foruma egingo dute. Bosgarren eta seigarren mailetakoek, berriz, Garun Paralisiaren Nazioarteko Egunaren harira, Aspacek ateratako Dale la vuelta izeneko spot-a ikusi eta bideoforuma egingo dute, ikusitakoa aztertzeko. Horrekin batera, zentzumen jolasak ere izango dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak