Joseba Olmo: "Oholtzan estreinatzeko ez dago modu hoberik"

Imanol Beloki Unamuno 2019ko ira. 20a, 12:23
Joseba Olmo eskoriatzarra, entsegu lokal kanpoan, baxuarekin.

Abuztuaren 31n Santurtzin izandako Eskorbuto taldearen omenaldi kontzertuan eskaini zuen bere lehenengo emanaldia baxuarekin; guztira, hiru kantu jo zituen.

Musika talde bat ez izan arren, Joseba Olmo eskoriatzarrak baxua jotzen du bere kabuz, eta abuztuaren 31n izan zuen estreinaldia oholtza gainean, Eskorbuto punk talde mitikoaren omenaldi kontzertuan. Santurtzin ospatu zen Eskorbuto Eguna, Mamariga kaleko festen barruan, eta bertan, hamahiru musika taldek Eskorbutoren bertsioak jo ostean, Pako Eskorbuto entzuteko aukera izan zen.

Nolatan jo zenuen Eskorbuto taldearen omenaldi kontzertuan?

Rombos Negros talde gasteiztarreko kideak ezagutzen ditut, eta, beraien baxu-jolea gaixorik dagoenez, zenbait entsegu egin ostean beraiekin batera jotzeko eskatu zidaten. Baietz esan nuen, noski. Hamahiru talde batu ginen, eta bakoitzak hiru kantu jotzeko aukera izan zuen; denak Eskorbuto taldearenak, nola ez. Guk No quiero cambiar, Te escupiré eta Ven y únete al desorden abestiak eskaini genituen, eta, nire lehen emanaldia izateko, oso gustura geratu nintzen.

Nolatan antolatu zuten Eskorbuto Eguna?

Los Demenciales Chicos Acelerados taldeak antolatutako eguna izan zen. Jon Mao artistak egindako muralaren inaugurazioa izan zen, lehenbizi; 27 metro dituen murala da, eta bertan, Josu, Pako, eta Juanma Eskorbuto taldeko hirukotearen aurpegiak ageri dira. Horren inaugurazioa izan zen kontzertuak antolatzeko aitzakia, eta esan beharra dago bertan izandako giroa aparta izan zela.

Eskorbuto taldearen omenez egindako murala. Argazkia: Bolintxi

Eskorbuto taldearen jarraitzaile batentzat kontzertu horien parte izatea ahaztezina izango da, ezta?

Hala da, esperientzia izugarria izan zen, jendearen harrera ezin hobea, eta, niretzat, oholtza gainean estreinatzeko ez dago modu hoberik. Gainera, kalitate handiko talde ugari izan ziren, Almeriatik etorritako talde bat tartean…

Lehenengo emanaldia izanda, urduri egongo zinen, ezta?

Bai, baina aurreikusi baino gutxiago. Zenbait laguni esan nien kontzertua eskainiko nuela, baina kuadrilla guztiari esanez gero, han agertu eta ez dakit oholtzara igoko nintzatekeen… Hemendik aurrera, berriz, entseatzen jarraitzea da asmoa, eta nork daki, agian, igoko naiz oholtzara berriro, beste batean.

Eskuin aldean, Olmo Santurtzin eskainitako kontzertuan baxua jotzen, Rombos Negros taldekoekin batera. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak