Hamabigarrenari agur esango diote zapatuan

Imanol Beloki Unamuno 2019ko ira. 13a, 09:30
Petti musikari beratarra kontzertuan.

Gaztetasunak eta esperientziak talka egingo dute Errekan Goraren hamabigarren edizioari amaiera emateko. Hain zuzen ere, Ekiñe Casado arrasatearrak emanaldia egingo du, 20:00etan, Emakumeen plazan, eta 22:30ean, berriz, Pettik.

Atxorrotx Kultura Elkarteak antolatutako Errekan Gora jaialdiaren hamabigarren edizio honi amaiera emango diote asteburu honetan. Horretarako, bi emanaldi prestatu dituzte zapaturako: batetik, Ekiñe Casado musikari arrasatearra izango da Emakumeen plazako –Inkernu taberna aurrean– oholtza gainean, 20:00etan. Bestetik, Petti musikari beratarra izango da leku berean, 22:30ean.

Abuztuko oporraldiaren geldialdiaren ostean, Errekan Goraren azken bi emanaldiak izango dira zapatuan, eta hala emango diote amaiera aurtengo Errekan Gora jaialdiari.

Gaztetasunetik esperientziara

Ekiñe Casado arrasatearrak zenbait bertsio eskainiko ditu gitarrara akustikoaren, trikitiarekin eta ukelelearekin zapatuko emanaldian. Urtarrilean eskaini zuen lehen kontzertua, eta, hasiberria den arren, kalitate handiko abestiak eskaintzeko abilezia daukala erakutsiko du. Batez ere, bakarlarien abestiak. Besteak beste, Garazi Goienetxe, Bebe eta Gose taldearen bertsioak entzun ahal izango dituzte bertaratzen diren entzuleek. Gaztea izan arren, ahots bikaina eta freskoa duela argi utziko du, gutxika-gutxika indarra hartzen ari dena.

Arrasatearraren bertsioekin motorrak berotu ostean, Petti beratarraren txanda izango da. Etxean moduan arituko da ibilbide luzeko musikaria; izan ere, zenbait aldiz eskaini du kontzertua Eskoriatzan, eta, bere ahots urratu eta sakonarekin, rock, folk-rock, post-rock, rhythm-and-blues, country eta beste hainbat estiloz bustitako kantuak eskainiko ditu.

Balorazio positiboa

Edizio hau amaitu barik, Travelling Brothers taldearen bluesa, Lau Eme Haatik dantza konpainiaren lana eta Eskean Kristo taldearen rock-and-rolla izan dira orain arte. Ikuskizun horiek uztailean izan ziren, eta opor ostean amaiera borobila eman gura diete Atxorrotx Kultura Elkartekoek. Hala, egindakoei erreparatuz, aurtengo edizioaren balorazioa positiboa egin dute antolatzaileek: "Orain arte izan ditugunak kalitatezko taldeak izan dira, eta ikus-entzuleen partetik jaso dugun feedbacka oso ona izan da. Beraz, beste edizio bat egiteko gogoz gaude. Hala ere, zapatuko kontzertuak geratzen dira, ea hauek ere arrakasta izaten duten eta jendea gerturatzen den", adierazi du Edorta Barandiaranek, Atxorrotx Kultura Elkarteko kideak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak