Auzolana bultzatuz, jaiak berreskuratuko dituzte

Imanol Beloki Unamuno 2019ko ira. 12a, 10:31

San Pedro eta Intxaurtxueta auzoetako jai batzordeko zenbait kide festetako kartelarekin.

Hemezortzi urtez egin gabe izan diren San Pedro eta Intxaurtxueta auzoetako jaiak ospatuko dituzte asteburu honetan. Besteak beste, gimnasten erakustaldia, trialsin erakustaldia eta Alegria De La Sierra taldearen emanaldia izango dira.

2001ean egin ziren azkenengoz San Pedro eta Intxaurtxueta auzoetako jaiak. Hala, hemezortzi urtean antolatu barik, bertako bizilagunen iniziatibaren ondoren jai batzordea osatu, eta jaiak berreskuratzea erabaki dute. Horretarako, auzotar ugariren lana eta Udalaren eta komertzioen babesa izan dute. Hori horrela, egitarau zabala prestatu dute asteburu osorako; bihar arratsaldean hasiko dituzte jaiak, eta domeka iluntzean amaituko dituzte.

Ekintzak pilatuz

"Hemezortzi urtean egin ez den arren, azken bost urteetan hor aritu gara zenbait auzotar ideiak botatzen eta jaiak egin behar ditugula esaten, eta, azkenean, taldetxoa osatu eta lanean jartzea erabaki dugu. Hala, hasiera batean, egun bakarreko festa egin nahi genuen; bazkari bat eta musika dantzagarri pixka bat jarri. Baina lanean hasi bezain pronto, auzotarren inplikazioa izan dugu, eta ekintza kopurua gehitzen joan gara egitaraura. Jendea prest agertu da, eta hori pozgarria da guztiontzat. Beraz, lan gehiago izan dugu, eta izango dugu asteburu osoan, baina merezi izango du, hori seguru…", adierazi du Andoni Motok, Intxaurtxueta eta San Pedro auzoetako jai batzordeko kideak.

Festak antolatzearen helburu nagusiak dira, bereziki, auzoko txikienek bertako festak ezagutzea dela eta helduagoak direnek aspaldiko garaiak gogoraraztea, Motoren esanetan.

Bazkari jendetsua

400 pertsona batuko dira bazkaltzeko, zapatuan, Partxis plazan. Txartel guztiak agortu dira, eta antolatzaileak pozik agertu dira izandako arrakastarekin: "Txartel guztiak saldu ditugu, eta harrituta geratu gara izandako arrakastarekin. Hori horrela, zapatuan, karpa jarriko dugu Partxis plazan, eta eguraldiak laguntzen badigu ederto irtengo delakoan gaude". Menua, berriz, itsaski-fideua izango da, baina itsaskirik gabekoa nahi duenak ere aukera izango du horretarako.

Musika eta erakustaldiak

Bestalde, eskoriatzarrak izan arren herrian kontzertua jo barik urte pila bat daraman Alegria De La Sierra taldearen emanaldia izango da. Eibar Ipurua taldeko gimnasten erakustaldirako ere gimnasta ugari batuko dira, zumba saioa ere izango da, Male dantza taldearen Flamenco fusión saioa, eta, azken orduan erabakita, artisautza azoka ere prestatu dute, besteak beste.

Asteburura begirako egitaraua

Egubakoitza, 13

• 18:30 Trikitiarekin kalejira.

• 19:00 Txupinazoa, bertsoak, buruhandiak eta japoniar traka, Intxaurtxueta plazan.

• 19:00 Pintxo-potea, Sei Gurpil txarangak girotuta.

• 21:30 Moto Guatequea. Partxis plazan.

Zapatua, 14

• 10:00 Txistulariekin kalejira.

• 10:00 Artisautza azoka. Intxaurtxueta plazan.

• 11:00 Haurrentzako eta gurasoentzako jolasak. Partxis plazan.

• 12:00 Triki-poteoa.

• 12:30 Buruhandiak. Intxaurtxueta plazan.

• 13:00 Gimnasia erritmikoa Ipurua taldekoekin. Oreka plazan.

• 14:00 Patata-tortilla lehiaketako sari banaketa. Partxis plazan.

• 14:30 Herri bazkaria. Partxis plazan.

• 16:00 Alegria De La Sierra taldearen emanaldia. Partxis plazan.

• 16:00 Puzgarriak. Intxaurtxueta plazan.

• 19:00 Parrilada. Intxaurtxueta plazan.

• 19:00 DJ Moto. Intxaurtxueta plazan.

• 22:45 Suzko erruberak.

• 23:00 DJ Moto. Intxaurtxueta plazan.

Domeka, 15

• 09:00 Bizikleta irteera.

• 12:00 Bizikletak konpontzeko tailerra. Oreka plazan.

• 13:00 Bizikleta zirkuitua.

• 13:00 Male dantza taldearen Flamenco fusión saioa. Intxaurtxueta plazan.

• 16:00 Trialsina. Oreka plazan.

• 17:00 Zumba saioa. Partxis plazan.

• 18:00 Defentsa pertsonal saioa. Partxis plazan.

• 19:30 Plastiko bilketa.

• 20:30 Jaiaren amaiera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak