Zazpigarren edizioan, Jose Angel Urrutia gogoan

Imanol Beloki Unamuno 2019ko ira. 6a, 08:52

Jose Angel Urrutia Apotzagako goitibehera lasterketan.

Euskal Ligarako puntuagarria izango den Apotzagako goitibehera jaitsiera zapatuan izango da. 15:00etan hasiko da eta zazpigarren edizioa berezia izango da; izan ere, Jose Angel Urrutiaren memoriala egingo dute sari banaketa aurretik.

Euskal Herriko Inertzia Kirolen Federazioak, Eskoriatzako Udalak, Eskomotorrek eta Eskoriatzako Goitibehera Zaleak taldeak eta bestelako boluntarioek elkarlanean antolatuta, Eskoriatzako goitibehera lasterketa egingo da bihar, zapatua.

Aurtengoa zazpigarren edizioa izango da, Euskal Ligarako puntuagarria, eta, urteroko ibilbidea errepikatuz, kilometro eta 400 metroko jaitsiera egin beharko dute parte-hartzaileek; hau da, Apotzagako merenderotik Intxaurtxueta auzoraino. Guztira, 50 pilotuk hartuko dute parte.

Ziztu bizian jaisteko prest

Urtero moduan, zenbait motatako goitibeherek hartuko dute parte lasterketan: drift trike, pneumatikoak, arinak… eta, jaitsiera 15:00etan hasiko den arren, aurretik ibilgailuen egiaztapenak egingo dituzte: 13:00etan, egiaztapen tekniko eta administratiboak; 14:30ean, egiaztapen kontrolaren itxiera; 14:40an, onartuen zerrendaren aurkezpena; 14:45ean, erremontea; eta 15:00etan hasiko da proba. Amaiera, berriz, 19:00 aldera izango da.

Urrutiaren memoriala

Aurten, gainera, hitzordu berezia izango da; izan ere, 56 urte zituela minbiziak jota ekainaren 15ean hil zen Jose Angel Urrutia eskoriatzarra izango dute gogoan. Beste zenbait kirol ekintzatan antolakuntza lanetan ibili arren, Eskoriatzako goitibehera lasterketaren bueltan lehen lerroan egoten zen urtero. Lasterketa egunean, aurretik zein ostean laguntzeko eta lanerako prest, boluntarioen laguntza eskertzen, berak egindako lan guztia goraipatu gabe, trukean ezer eskatu barik, lanean gogor. Hala, Euskal Herriko Inertzia Kirolen Federaziokoek pegatinak egingo dituzte egunerako, parte hartzen duten goitibehera guztietan Angel Urrutia gogoan izateko.

Horrekin batera, arratsaldeko zazpiak inguruan, lasterketa amaitzen denean, sari banaketa hasi aurretik, testu bat irakurriko dute Eskoriatzako Goitibehera Zaleak taldekoek Urrutiari eskerrak emateko, Partxis parkean. Urrutia bera gogoratuko dute, eta baita hark egindako lan guztia goraipatu ere; berarengatik sortu zela Eskoriatzako Goitibehera taldea esanez, eta goitibeheren lasterketa urtez urte antolatzeaz batera lagun talde handi bat osatu zuela nabarmenduz. Horrekin batera, Jose Angel Urrutiaren familiakoei elkartasuna adierazteko txapel bat emango diete oroigarri moduan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak