Jarrera eta kalitatea, soberan

Txomin Madina Milikua 2019ko uzt. 20a, 14:22

Eskoriatzako Errekan Gora jaialdiaren barruan, Eskean Kristo talde bizkaitarra izan zen atzo gauean agertokira igo zena. Rock doinuekin ederki girotu zuten gaua.

Ordua, 22:30. Lekua, Gernika plaza. Eta Eskean Kristo taldea agertokira igotzeko minutu gutxiren faltan, jende gehiegi ere ez kontzerturako; zeudenak, gainera, eserita. Egoera horrek, baina, ez zuen gehiegi iraun. Izan ere bizkaitarrak lehenengo doinuak jotzen hasi orduko hasi ziren entzuleak ere berotzen. Emanaldia amaitzerako, festa giroa zen nagusi plazan.

Arratiakoek maketa bat eta hiru disko dituzte kalean, azkena, iaz kaleratu zuten Beste Belaze Batzuen Gozoan izenekoa. Berauetan jasotako rock piezek, ukitu psikodelikoz eta letra biziz jantzitakoek, igo zuten gauaren tenperatura: Mamamamarroa; Zaldiak Negarrez; Latigo!; Refugee... Abestiek bai, baina baita taldekideen jarrera lotsagabe, konplize eta izerditsuak ere. Eta publikoa guztiz poltsikoratzeko, Iguana jo bitartean ikusleen artean nahastu ziren Pello Artabe abeslaria eta Peio Artetxe baxu jotzailea.

Zuzeneko indartsua eta nortasuna erakutsi zuten atzo bizkaitarrek Eskoriatzan; nortasun paregabea. Nor ausartuko litzateke bestela publikoa azkenengoz agurtzeko beste boskote baten, Spice Girlsen, Wannabe erabiltzera?

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak