Euskal rock-and-rolla, Eskean Kristoren eskutik

Imanol Beloki Unamuno 2019ko uzt. 19a, 14:09

Arratiako musikariek kontzertua eskainiko dute gaur, 22:30ean, Gernika plazan. 2019ko Errekan Gora jaialdiko hirugarren ikuskizuna izango da, uztaileko azkena, eta irailean Pettik eskainiko duen emanaldiarekin itxiko dute aurtengo egitaraua.

Errekan Goraren 2019ko edizioaren barruan, bi ikuskizun izan dira dagoeneko: uztailaren 7an izandako Travelling Brothers taldea, batetik, eta Haatik Dantza Konpainiaren Lau eme izeneko dantza saioa, pasa den egubakoitzean, bestetik. Horiekin batera, uztaileko egitaraua ixteko, gaur, egubakoitza, Eskean Kristo taldearen kontzertua izango da Gernika plazan, 22:30ean.

Eskean Kristo 2011n Arratian sortutako rock-and-roll taldea da, eta, ordutik, osatzen duten musikarien artean zenbait joanetorri eta aldaketa izan dituzten arren, gaur egun, Pello Artabe abeslariak, Alex Harillo eta Aritz Ontalvilla gitarra-joleek, Peio Artxe baxu-joleak eta Manu Forte bateriak osatzen dute taldea. Bost disko dituzte, eta azkena 2018ko azaroan kaleratu zuten: Beste Belaze Batzuen Gozoan diskoa, hain zuzen ere. Hori horrela, azken laneko Zaldiak Negarrez, Zer Dabixu? eta halako kantuak zein aurreko lanetako Deabrua, Hona Gona Gori eta Madarikazioa entzun ahal izango dituzte bertaratzen direnek. Oholtza gainean espektakulua eskaintzen dute, gainera, eta 70eko hamarkadako euskal rock estilo kutsua duten kantuez gozatu ahal izango dute ikus-entzuleek.

Niko Etxart erreferente

Niko Etxart musikaria erreferente ez ezik, maisu eta lagun dute Eskean Kristokoek, eta harengatik jarri zioten Azote kalduz izeneko diskoari izen hori. Horrez gain, kantari zuberotarrari Altzürükün, bere jaioterrian, egindako etxekoen eta lagunen omenaldian, Eskean Kristokoek Etxartekin batera oholtza konpartitu ahal izan zuten. 

Inpresio onak antolakuntzatik

Orain arte izandako saioen balorazio positiboa egin dute antolatzaileek, eta herritarren erantzuna "oso ona" izaten ari dela adierazi du Atxorrotx Kultura Elkarteko Edorta Barandiaran kideak: "Eguraldia lagun izaten ari gara, beste urte batzuetan ez bezala. Gainera, izan ditugun ikuskizunen kalitatea izugarria izaten ari da. Inpresio oso onak jaso ditugu. Honekin batera, Goxo Txiki eta Urrestilla tabernei eta Iratzarri logopediari eskerrak eman nahi dizkiegu. Gaur, berriz, rock taldea izango dugu, eta ea bikain irteten den, gu gogoz gaude ikusteko…".

Oporren ostean, irailaren 14an, azken saioa izango da: 22:30ean, Petti musikari beratarra izango da Emakumeen plazan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak