Garai bateko jaiak berreskuratu gura dituzte auzotarrek

Imanol Beloki Unamuno 2019ko uzt. 12a, 10:00
'San Pedro txiki' jaietan auzoko emakume ezkonduek ezkongabeen aurka jokatzen zuten futbol partidua.

Irailaren 13an, 14an eta 15ean ospatuko dituzte 2001ean azkenengoz egin ziren San Pedro eta Intxaurtxueta auzoetako jaiak. "Auzotarren artean ilusioa eta jaiak berreskuratzeko gogoa dagoela" nabarmendu dute jai batzordeko kideek.

San Pedro eta Intxaurtxueta auzoetako jai batzordeko kideek, bi auzoetako bizilagunek, Eskoriatzako Udalak, Compostela tabernak, O'Dogerthy garagardotegiak, Ilargi tabernak, Frixi Eraikuntzak enpresak eta Oreka bizikleta dendak elkarlanean antolatuta, San Pedro eta Intxaurtxueta auzoetako jaiak berreskuratu nahi dituzte.

San Pedro txikiak izenez ezagunak ziren jaiak sanjuanen aurretik egiten ziren lehen, eta 2001ean ospatu ziren azkenengoz. Hala, azkeneko urteotan, jaiak berreskuratzeko asmotan izan dira zenbait auzotar lanean, eta aurten, jaiak egitea erabaki dute, ekintzaz betetako hiru eguneko egitarau zabala antolatuta. Hain zuzen ere, irailaren 13an, 14an eta 15ean ospatuko dituzte.

"Jai batzordeko zenbaiten seme-alabek ez dituzte ezagutu auzoko festak, eta auzotarrei pena ematen zigun horrek. Hori horrela, azken urteetan asko hitz egin dugun gai bat izan da bertakoen artean, eta pausoa ematea erabaki dugu. Diru-bilketa egin dugu horretarako; tabernetan eta auzoko atari guztietan dirua eskatu dugu festak antolatzen laguntzeko… eta jendearen ilusioa eta festak berriz egiteko gogoa ikusi dugu…", adierazi dute San Pedro eta Intxaurtxueta auzoetako jai batzordeko kideek.

Bertakoen ikuskizunak nagusi

Irailaren 14a, zapatua, izango da egun handia, eta, 16:00etan, zenbait auzotarrek osatutako taldeak emanaldia eskainiko du. Hain zuzen ere, Alegria de la Sierra taldeak. "Zenbait auzotarrek osatutako taldea da, eta lehen, urtero eskaintzen zuten emanaldia festetan, baina Eskoriatzan, urteak daramatzate ikuskizunik eskaini barik. Hala ere, asko mugitzen dira Euskal Herrian zehar, eta beraiek animatu dira kontzertua eskaintzera. Besteak beste, kanta flamenkoak, sevillanak, rumbak, txirigotak eta pasodobleak eskainiko dituzte".

Horrekin batera, auzotarren parte-hartzea azpimarratu gura izan dute jai batzordeko kideek. Izan ere, Nerea Mata auzotarrak zumba saioa eskainiko du, baita Rafa Carrietek defentsa pertsonal ikastaroa, eta Andoni Motok ere ez du hutsik egingo DJ moduan. Horrekin batera, Oreka bizikleta dendak urtebete beteko du negozioa ireki zuela, eta, auzoko festetara begira, zenbait kirol hitzordu antolatzeaz arduratu da. Besteak beste, bizikleta irteera, trialsin erakustaldia…

Herri bazkariko txartelak, salgai

Itsaski-fideua izango da jateko Partxis plazan egingo den irailaren 14ko herri bazkarian, eta txartela erosteko azken eguna irailaren 6a izango da. Hamar eurotan erosi daiteke, Compostela tabernan eta O'Dogherty garagardotegian. Itsaskirik gabeko fideua nahi duenak ere aukera izango du horretarako, baina txartela erosterakoan adierazi beharko du hori.

Partxis' izena ofizialdu

Intxaurtxueta auzoko plaza Partxis izenez ezaguna da Eskoriatzako herritar guztien artean, baina ez da ofizialki hala deitzen. Hori horrela, bere egunean auzotarrek margotutako plazari Partxis plaza izena jartzeko nahia adierazi dute auzotarrek.

Egitaraua

Egubakoitza, 13

• 18:00 Eibar Ipurua taldearen gimnasia erritmikoko erakustaldia. Oreka plazan.

• 19:00 Txupinazoa. Intxaurtxueta plazan. Honekin batera, bertsoak, bonba japoniarrak… egongo dira.

• 19:00 Pintxo-potea, Erriberabeitiako Sei Gurpil txarangak girotuta.

• 22:00 DJ Moto. Partxis plazan.

Zapatua, 14

• 09:00 Txistulariak. Partxis plazan.

• 11:00 Haurrentzako jolasak. Partxis plazan.

• 12:00 Triki-poteoa.

• 13:00 Tortilla lehiaketa. Partxis plazan.

• 14:30 Herri bazkaria. Menua: itsaski-fideua. Partxis plazan.

• 16:00 Alegria de la Sierra taldearen emanaldia. Partxis plazan.

• 17:00 Haurrentzako puzgarriak. Intxaurtxueta plazan.

• 19:00 Parrilada. Intxaurtxueta plazan.

• 19:30-21:00 DJ Moto. Intxaurtxueta plazan.

• 22:45 Su artifizialak. San Pedro parkean.

• 23:00-01:30 DJ Moto. Intxaurtxueta plazan.

Domeka, 15

• 09:00 Bizikleta irteera.

• 12:00 Bizikleten tailer eta zirkuitua. Oreka plazan.

• 13:00 Male dantza taldearen Flamenco fusion saioa. Intxaurtxueta plazan.

• 13:00 Bizikleta zirkuitua. Oreka plazan.

• 16:00 Trialsina. Oreka plazan.

• 17:00 Nerea Mataren eskutik zumba saioa. Partxis plazan.

• 18:00 Eskoriatza Atama Taldekoen defentsa pertsonal saioa. Partxis plazan.

 

Egitarauan sartu ez dituzten zenbait hitzordu sorpresak izango direla adierazi dute jai batzordeko kideek.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak