Haatik Dantza Konpainiak Lau eme izeneko dantza saioa eskainiko du gaur Gorosarri plazan, 22:30ean. Aiert Beobide zuzendariaren gidaritzapean, emakumeei emango die ikusgarritasuna eta urteetan zehar haien ahalduntzea lortzeko bidean egin behar izan duten borroka islatuko du agertokian, dantzen bitartez.
Oholtza gainean, Irati Sorondo, Anne Jauregi, Nagore Zabala eta Amaiur Luluaga dantzariak izango dira, eta lau emakume horiek hogei minutu inguruko lana eskainiko dute. Koreografia landuak prestatu dituzte saiorako, eta, mugimenduari dagokionez, frustrazioa, errepresioa, amorrua eta halako sentsazioak azaleratuko dituzte, eta baita askatasuna, boterea eta indarra ere.
Proiektu honekin, dantzari bakoitzaren izaera islatu nahi dute, eta, mugimenduari emango dioten garrantziaz gain, jantziek ere garrantzia izango dute. Jantzien elementuak erabiliz emakumeen ahalduntzearen narrazioa kontatuko dute.
Berdintasuna aldarrikatu
Oraindik ere, matxismoaren arrastoek gizartean diraute eta emakumeen lan eta bizi baldintzak kaltetzen dituzte. Hori horrela, berdintasuna aldarrikatuz borroka egin zuten emakume eta sufragista guztiengatik garrasi egingo dute.
Maila onarekin hasita
Hain zuzen, pasa den asteburuan hasi zen Atxorrotx Kultura Elkarteak antolatutako Errekan Gora jaialdiaren hamabigarren edizioa. Travelling Brothers talde bizkaitarrak blues doinuekin busti zuen Fernando Eskoriatza plaza, eta umorez betetako kontzertua eskaini zuen. Maila handiko musikariak direla argi utzi zuten, eta, aurtengo Errekan Gora edizioari hasiera ederra emanda, egitarauari jarraituz, dantzek izango dute protagonismoa gaur.