222 haur hasi dira Eskoriatzako udalekuen esperientziaz gozatzen

Imanol Beloki Unamuno 2019ko uzt. 4a, 14:46

222 haur hasi dira Eskoriatzako udalekuen esperientziaz gozatzen. Urteroko dinamika jarraituz, berrikuntza batzuk izango dituzte, eta azpimarragarriena da egun osoko irteera gehiago izango dituztela, haurrek egindako eskakizunei erantzunez.

Gaur  hasi dituzte Eskoriatzako Udalak eta Txirikila Aisialdi Elkarteak elkarlanean antolatutako udaleku irekiak. Aurten, 222 haur izango dituzte, eta beraien gidaritzapean bi koordinatzaile eta 23 hezitzaile izango dira. Gaur hasita, uztailaren 23ra arte, astegunetan, hitzordu ugari izango dituzte.

Urtero moduan, ordutegia honako hau izango da: 10:00etan elkartuko dira Fernando Eskoriatza plazan, eta 13:00ak arte, eta arratsaldez, leku berean elkartuta, 15:00etatik 17:00etara bitartean arituko dira 3-12 urte bitarteko haurrak (HH1-LH6) jolasean. Ordutegian ez, baina badituzte berrikuntzak aurtengo egitarauan.

Egun-pasa gehiago aurten

Bi berrikuntza nagusi dituzte aurtengo egitarauan: batetik, sanferminak ez dituzte ospatuko aurtengo udalekuetan, eta, bestetik, irteera gehiago egingo dituzte, haurrek hala eskatuta. "Udalekuak hasi aurretik egindako formakuntza saioan, sanferminak ez egitea erabaki genuen. Horrez gain, iazko udalekuetako balorazioak aztertu ostean, haurrek egun-pasa gehiago egin nahi zituztela ikusi genuen, eta, beraz, beraien eskaerak aintzat hartuta, beste urteetan baino dezente gehiago egingo ditugu. Talde bakoitzak hiru eta bost irteera artean izango ditu. Hala ere, horietatik bakarra izango da autobusez joango garena. Gasteizeko Gamarrako igerilekuetara joango dira batzuk, eta, txikienak, aldiz, Gopegira, beste urtetan egin izan dugun moduan. Uztailaren 12an egingo dugu irteera hori, eguraldi ona egiten badu, behintzat", adierazi du Maialen Lete udalekuetako koordinatzaileak.

Irteeraz gain, herriko askotariko txokoetan egunero arituko dira gaztetxoak jolasean. Urtero bezala, igerilekura joango dira zenbait bider, sukaldaritza tailerrak ere ez du hutsik egingo, ezta uraren egunean ere disfrutatzeko aukera izango dute.

Zaintza zerbitzua ludotekan

Beste berrikuntzetako bat Txirikila Aisialdi Elkartearen eskutik eskainitako zaintza zerbitzua izango da. 08:30etatik 10:00ak arte Tortolis ludotekan egongo dira hainbat haur.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak