Nahia Arguiz Espainiako Txapelketan arituko da

Imanol Beloki Unamuno 2019ko eka. 28a, 11:53
Erdian, Nahia Arguiz gimnasta, taldekideekin batera.

Asteburuan jokatuko da, Zaragozan, Espainiako gimnasia erritmikoko kopako bigarren fasea, eta Eibar Ipurua taldeko kideekin batera taldekakoan lehiatuko da Arguiz, bi uztai eta hiru mazo pareko ariketan. Banakakoan, berriz, mazoekin eta zintarekin.

Asteburu honetan, Espainiako gimnasia erritmikoko kopako bigarren fasea jokatuko da Zaragozan. Gaur hasiko da, eta domekara bitartean gauzatuko da, eta bertan, indibidualki eta taldean egingo dituzte ariketak parte-hartzaileek. Hori horrela, Eskoriatzako ordezkaritza ere izango da bertan. Izan ere, Nahia Arguiz gimnasta eskoriatzarra Eibar Ipurua taldeko kideekin batera arituko da lehian.

Senior mailan, taldekakoan arituko da Arguiz, alboan izango dituen Alaitz Arabarri, Jennifer Hernandez, Nahia Gonzalez eta Arrate Baroja gimnastekin, eta domekan, 13:30ean egingo dute bi uztai eta hiru mazo pareko ariketa. Beraiekin batera izango dira tapizaren alboan babesa eta laguntza ematen talde teknikoa osatzen duten Tania Nagornaia, Miriam Merino, Natalia Urmakaeva eta Helena Jauregi.

Ariketak, gaur eta zapatuan

Taldekako ariketaz gain, banakako saioa ere egingo du Ipurua taldeko Nahia Arguiz Eskoriatzako gimnastak. Senior mailan, mazoekin arituko da, gaur, 17:24an. Bihar, zapatua, aldiz, zintako ariketa egingo du, 14:54an.

Denboraldi borobila

Denboraldi bikaina egiten ari da Ipurua gimnasia taldeko senior mailako Nahia Arguiz gimnasta. Izan ere, Gipuzkoako txapelduna da, senior kategorian urrezko domina lortuta mazoen ariketan. Gasteizen jokatutako federatuen maila absolutuko taldekako Euskadiko Txapelketan, berriz, Alaitz Aranbarrirekin batera urrea lortu zuen, eta gimnasia erritmikoko Euskadiko txapeldun izendatu. Horrekin batera, brontzezko domina lortu zuen taldekakoan, apirilean, Guadalajaran jokatutako Espainiako kopako lehenengo fasean. Hori horrela, asteburu honetan, Espainiako gimnasia erritmikoko kopako bigarren fasean orain arte egindako bideari jarraituz, ahalik eta emaitza onena lortzera joango da Arguiz taldekideekin batera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak