Gaur, ekainaren 28a, San Pedro bezpera da, eta eguerditik aurrera hainbat ekintza egingo diren arren, ofizialki 19:00etan emango zaie hasiera jaiei, txupinazoarekin eta pregoiarekin. Horren ardura Eskoriatzako Txistulari Taldeko kideek izango dute. Gauean, herritarren partaidetza handia izaten duen danborrada izango da, 22:30ean.
Danbor hotsen gogoz
San Pedro jaiei hasiera emateko ekintza nagusia izan ohi da nagusien danborrada Eskoriatzan. Gaur arte, hainbat entsegu egin dituzte Joseba Iñurrategi pilotalekuan, eta, guztia prest, 22:30ean emango diote hasiera danborradari.
Aurten, bigarren urtez arituko da Andoni Moto eskoriatzar gaztea zuzendari, eta zortzi konpainiak hartuko dute parte bertan. Guztira, 257 pertsonak hartuko dute parte ekitaldian, eta honako kantu hauek eskainiko dituzte herriko kaleetan zehar: Marcha San Sebastián, Diana, Iriyarena, Tatiago, Marcha Deba, Gau Ibillera, Marcha de Viejas eta Katiuska.
Hau amaitzean, Puro Relajo taldea izango da Fernando Eskoriatza plazan, 00:30ean. Nafarroako taldeak kantu mexikarrak eta euskarazko kantu klasikoak eskainiko ditu.
Txosnagunean, The Big Mac
Txosnagunea, berriz, 18:30ean irekiko dute, eta nagusien danborrada amaitu bezain pronto izango da eguneko ekitaldi nagusia. Hau da, The Big Mac saioa. 01:30etik aurrera, Eñaut Zubizarretak DJ lanak egingo ditu, bertaratzen direnak dantzan jartzeko asmoz.