Hainbat urte dira Apotzagako goitibehera jaitsiera egiten dela, baina honako hau irailean izaten da. Iaz, berritasun moduan, lehenengoz, San Pedro jaietan egin zen, eta Apotzagan beharrean, Elorreta auzotik herrira bitartean gauzatu zen. Zortzi partaide izan ziren eta lau txanda egin zituzten Elorreta auzotik herrira bitartean. Aurten ere berriz egitea erabaki dute, eta San Pedro egunean izango da, 11:00etan hasita.
Sari potoloak aurten ere
Adin guztiei zuzenduta egongo da, eta izen-ematea kultura etxean egin beharko da. 943 71 46 88 telefonora deituz, edo kultura@ eskoriatza.eus helbidera idatziz. Sariak honako hauek izango dira: bakarka, jaitsiera barregarriena, 60 euro eta taldeka, jaitsiera barregarriena, 120 euro. Gainera, sari bat zozketatuko dute parte hartzaile guztien artean: bakarka aritutako norbaiti egokitzen bazaio, 50 eurokoa izango da eta talderen bati egokituz gero, 100 eurokoa. Eta emakumeen parte hartzea sustatzeko, beste sari bat ere zozketatuko dute parte hartzen duten emakume guztien artean. Bakarka aritutako norbaiti egokitzen bazaio, 50 eurokoa izango da eta talderen bati egokituz gero, 100 eurokoa.
16 urtetik beherakoen irabazleari, saria dirutan eman beharrean bonua emango zaio, herrian gastatzeko. Sari banaketa, aldiz, plazan izango da, 13:00etan, bandaren kontzertuaren ostean.
Jose Angel Urrutia gogoan
Goitibehera jaitsiera antolatzen zuen Jose Angel Urrutia ekainaren 15ean zendu zen, eta gogoan izango dute. Egunean bertan ez dute egingo ekitaldi berezirik egingo, baina Eskoriatzako Goitibehera Zaleak taldekoek adierazi dute irailean 7an egingo den Apotzagako jaitsierari begira omenaldia egingo dutela haren omenez urteetan egindako lanarengatik.