Musika kontzertuak nagusi txosnagunean

Imanol Beloki Unamuno 2019ko eka. 25a, 15:49

John Dealer and the Coconuts kontzertuan.

Eskoriatzako txosna batzordeko kideek San Pedro jaietarako egitarau zabala prestatu dute. Hala, txosnagunera jendea erakartzeko, kuadrillen arteko bazkaria, musika kontzertuak eta bestelakoak antolatu dituzte, urtero moduan.

Santa Marina plazan egongo da txosnagunea, eta ekainaren 28an, 18:30ean, izango da irekiera. Horretarako, txorimaloaren jaitsiera antolatu dute, berezitasun moduan, eta txaranga ibiltaria ere izango da. Txorimaloa Arbiñoste kaleko etxeetatik Santa Marinan egongo den txosnagunera jaistea dela asmoa adierazi dute antolatzaileek. Gauean, berriz, nagusien danborrada izango denez, horren ostean, gazteak txosnagunera hurbiltzeko, The Big Mac izango da oholtza gainean musikaz girotzen.

Kontzertu eguna, ekainaren 29an

Zapatuan, berriz, San Pedro egunean, kontzertu eguna izango da. 23:00etan hasiko dira emanaldiak, eta honako hiru talde hauek izango dira oholtzan: Kilimak, Hortzaka eta Sofokaos. Kilimak taldearen euskal rumbarekin hasiko dira kontzertuak. Ostean, Hortzaka talde getariarrak punk-rock doinuak eskainiko ditu, eta, amaitzeko, Sofokaos Antsoaingo punk-rock taldea izango da oholtzan.

Kuadrillen Egunean, ekainaren 30ean, berriz, bazkaria egingo da, 14:00etan hasita, txosnagunean, eta txartelak erosteko azken eguna domeka izango da, ekainaren 23a. 12 eurotan erosi daitezke, Inkernu eta Goxo Txiki tabernetan, eta menua honako hau izango da: makarroiak eta okela saltsan, ardoarekin edo sagardoarekin, eta kopa. Aukera begetarianoa ere egongo da, eta horretarako txartela erosterakoan abisatu egin beharko dela adierazi dute Eskoriatzako txosna batzordeko kideek.

Bingoa bazkalostean

Kuadrillen arteko jokoek emaitza bikaina izan dute urteetan, baina azken edizioetan gainbehera izan da. Iaz, esaterako, kuadrillaka barik, edozeinek eman zezakeen izena, eta ondoren taldeak egin izan dira, adin ezberdinetakoak nahastuta, baina ez zuten arrakasta handirik izan. Hori horrela, aurten, herriko hainbat txokotara jokoak egitera mugitu barik, txosnagunean bertan egingo dira bazkalostean. "Azken bi urteetan bingoa izan da bazkalostean, eta giro ederra sortu da. Horrekin batera, tonbola ere jarriko dugu hainbat apaingarri dibertigarrirekin, eta, horren ostean, askotariko jokoak izango dira: lokotxak, aulki jokoa…".

Amaiera, musika emanaldiekin

Herri egunean, uztailaren 1ean, Wood String talde aretxabaletarra eta John Dealer & The Coconuts talde legazpiarra izango dira oholtza gainean. Emanaldiak 19:30ean hasiko dira, eta aretxabaletarren abesti akustikoez eta legazpiarren rock-and-rollaz gozatu ahal izango dute bertaratzen direnek.

Gazte parte-hartzaileak

Mikel Letona Eskoriatzako txosna batzordeko kideak adierazi duenez, antolakuntzara jende dezente batu da aurten: "Txosna batzordera kide berriak gerturatu dira, eta, horrekin batera, jai batzordeko bileretara ere bai. Pozik gaude horregatik, eta datozen urteei begira hala jarraitzea gustatuko litzaiguke".

Egitaraua

Ekainak 28

• 18:30 Txorimaloaren jaitsiera.

• Ondoren Txaranga ibiltaria.

• 01:30 The Big Mac.

Ekainak 29

• 23:00 Kontzertuak: Kilimak, Hortzaka eta Sofokaos taldeak.

Ekainak 30

• 12:30 Sagardo dastaketa.

• 14:00 Bazkari txosnagunean. Menua: makarroiak eta okela saltsan. Txartelak Inkernu eta Goxo Txikin salgai, 12 eurotan.

• 17:30 Bingoa eta bazkalosteko jolasak.

• 01:30 DJ Txorimalo.

Uztailak 1

• 19:30 Kontzertuak: Wood Strings eta John Dealer & The Coconuts. • 00:00 Txorimaloari agurra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak