Joserra Zubizarreta izendatuko dute alkate bihar, udalbatza berriaren eraketan

Imanol Beloki Unamuno 2019ko eka. 14a, 12:59

2015ean, Joserra Zubizarreta zumitzezko uztaia eskuetan duela.

Eskoriatzan ere datozen lau urteetara begirako udalbatza berria eratuko da zapatu honetan, osoko bilkura aretoan egingo den ekitaldian. 12:00etan hasiko da, eta bertan, udalbatza berriaren osaketa eta alkatearen hautaketa egingo da. 

Hamaika zinegotzik jasoko dute kargua: alderdi jeltzaleko sei zinegotzik –Joserra Zubizarreta, Maite Uribe, Antonio Regaño, Puri Regidor, Josu Ezkurdia eta Ana Castro–, EH Bilduko lauk –Eluska Irazu, Nestor Arana, Dorleta Sologaistoa eta Ander Errarte– eta Eskoriatzako Elizateen Elkarteko batek –Iñaki Kerexeta–.

Protokoloa jarraituz

Lehenengo eta behin, zinegotzi zaharrenak eta gazteenak Adinekoen Mahaia osatuko dute, osoko bilkuraren buru izango direnak. Zaharrena, Joserra Zubizarreta, jarduneko alkatea da, eta gazteena, berriz, EH Bilduko Ander Errarte, eta beraiek izango dira kargua hartzen duten lehenak.

Adinekoen Mahaia osatuta, euren ardura izango da kargua hartuko duten zinegotzi guztien kredentzialak hartzea eta ondo daudela ziurtatzea. Ondoren, udalbatza eratuko duten beste zinegotzi guztiek kargua hartuko dute, eta, hala, udalbatza osatuta geratuko da. Hurrengo pausoa izango da 2019-2023 agintaldirako alkatea hautatzea, eta hori bozkatu egingo du udalbatzak.

EH Bilduko Nestor Arana faltan

EH Bilduk lau zinegotzi izango ditu datorren agintaldian. Laurek aurkeztu dituzte euren kredentzialak, baina zapatuko ekitaldian ez da Nestor Arana egongo; beraz, udalbatza berriak egiten duen lehen osoko bilkuran hartuko du zinegotzi kargua. Udalbatza osatuko duten hamaika zinegotzitik lau izanda, oposiziotik lan egitea tokatuko zaie.

Elizateen botoa, EAJrentzat

Eskoriatzako Elizateen Elkarteko Iñaki Kerexetak adierazi duenez, beraien boza alderdi jeltzalearendako izango da: "Udal hauteskundeetan boto kopuru gehien jaso zituen alderdiari emango diogu gure botoa; hau da, EAJri. Agintaldi berrira begira, gehiengo osoa izango du, baina elkarlanerako prest agertuko gara, pasa den agintaldian moduan Elizateetako proiektuen alde egiten".

Zumitzaren ohiturari eutsita

Duela bi agintaldi berreskuratutako ohitura zahar bat da zumitza –uztai formako egurra– alkate batetik bestera pasatzea. Pasa den agintaldian, Beñat Herce alkate ohiak Joserra Zubizarretari pasa zion zumitzezko uztaia. Aurten, aldiz, erabaki barik dute nola egingo duten. Ez da sorpresarik espero, udal hauteskundeetan alderdi jeltzaleak gehiengoa lortu zuelako. Hala, Joserra Zubizarretak hartuko du alkate berriaren kargua, eta Adinekoen Mahaiak edo alkateordeak pasako dio zumitzezko uztaia berari.

Alkateak hitza hartuko du

Joserra Zubizarretak bere sentimendu pertsonala ardatz hartuta prestatu du osoko bilkura aretora gerturatuko diren herritarren aurrean irakurriko duen testua: "Sentimendu guztiaz prestatu dut esan beharrekoa. Dena den, aldaketa batzuk egingo ditut, agian, azken orduan, eta ez nuke ezer aurreratu nahi. Momentu honetan bizitzen ari naizena ardatz hartuta idatzi dut esan beharrekoa…", adierazi du Joserra Zubizarretak. Gaineratu du aginte-makila San Pedro egunean, ekainaren 29an, aterako duela udaletxetik, San Pedro parrokiarako bidea egingo dutenean; hau da, Elizbiran.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak