Elkartasuna helburu, egitarau zabala aurten ere Aste Zapatistan

Imanol Beloki Unamuno 2019ko eka. 14a, 12:51

EskoZap elkarteko hainbat kide Emakumeen plazan, talde argazkian.

Eskoriatzako Aste Zapatista ekainaren 17tik 22ra bitartean izango da. Urtero moduan, EskoZap elkarteak egitarau zabala antolatu du, beste mundu bat posible dela adierazteko mezua lau haizetara zabaltzeko asmoarekin.

19 urte beteko ditu aurten Eskoriatzako Aste Zapatistak. EskoZap elkarteko kideek antolatuta, elkarlana eta ilusioa oinarri izaten dute urtero, beste mundu bat posible dela adierazteko helburuarekin. Hala, Chiapasekin elkartasuna adierazteaz gain, mundu justuago baten alde kontzientziak pizteko helburu du asteak. Hori horrela, aurten ere egitarau zabala prestatu dute; astelehenean, esaterako, Emakumeak Ametsak Ehuntzen ekintza egongo da eta martitzenean aldaketa klimatikoaren gaineko solasaldia eskainiko dute Guardacielos plataformakoek.

Taldeen babesarekin

Udalaren babesaz gain, hainbat taldek eta norbanakok beraien ekarpena egingo dute Aste Zapatistan. Herrikoak direnek zein beste hainbat lekutatik bertaratuko direnek. Ekainaren 19an, esaterako, buztingintza saioa eskainiko dute, plazan, Buztinate elkarteko kideek. Ekainaren 21ean, Gorputza gogoan dantza ikuskizuna eskainiko dute, plazan, Aretxabaletako Jaiki elkartekoek. Zapatuan, Inkernu tabernan Puro Chile taldearen kontzertua izango da, Atxorrotx Kultura Elkartekoek lagunduta… "Urtero jasotzen dugu besteengandik laguntza, eta hori txalotzekoa da. Gutxirekin asko egiten saiatzen gara, eta aurten prestatu dugun egitarauko ekintzak ere harrera ona izatea espero dugu. Hala, jendeari parte hartzeko eskatu nahi diogu…", adierazi dute EskoZap elkarteko kideek.

Puro Chile taldea Inkernun

Egun handia zapatua izango den arren, egubakoitzean, ekainaren 21ean, Puro Chile taldearen emanaldia izango da Inkernu tabermnan, motorrak berotzeko. Izen handiko musikariek osatzen duten taldea da; hain zuzen ere, Mamen Rodrigo abeslaria (Vulpes), Urko Igartiburu gitarra-jolea (Tiananmen), Cesar Tejada baxu-jotzailea (EH Sukarrak), eta Josu Korkostegi bateria (Parabellum) izango dira oholtzan.

Ekintza bereziak artisau azokan

Ekainaren 22an izango da egun handia. Aste osoko ekintzei bukaera emateko, herri bazkari mexikarra izan ohi da urtero, eta aurten ere ez du hutsik egingo. Hori horrela, dagoeneko salgai daude txartelak, 15 eurotan. Eskoriatzan: Inkernu, Naira, Hotela eta Goxo Txiki tabernetan; eta Aretxabaletan: Txikibarren. Hala ere, bazkari egunean bertan ere erosi ahal izango dira txartelak. Bazkariaren aurretik, aldiz, artisau azoka izango da; bertan, Whitling tailerra eta El Process izeneko liburuaren aurkezpena izango dira berezitasun. "Whitling tailerra Sergio Aldayk eskainiko du, eta labana batekin tailatzeko teknikaren berri emango die bertaratzen direnei. Ondoren, Jorge Arzuagak El Process liburuaren aurkezpena egingo du. Arzuagak, 2013an, 41 eguneko gose greba egin zuen, Madrilgo Puerta del Sol-en, sistemaren kontrako protesta bakezalea irudikatzeko eta Espainiako Gobernuaren dimisioa eskatzeko…".

Bazkalondoa, Iñaki Bizkai akordeoilariak girotuko du, eta D'Capricho Habanako bikotea ere igoko da oholtzara. Azken hauek euskaraz zein gazteleraz abestuko dute.

Bestelako ekintzak

Aste osoko egitarauaz gain, aurten, bi gazta porra solidario egingo dituzte; ateratako dirua, Buztinate eta Gu Haziak Gara elkarteetara bideratuko da.

Honekin batera, kultura etxean Lumaltik elkartearen eskutik, 11 Eskakizun Zapatista erakusketa izango da aste osoan ikusgai, eta Fernando Eskoriatza plazan, Jose Mari Legorburuk egindako tako mexikarrek ere ez hutsik egingo. Edizio guztietan izan den moduan, haurrentzako piñata mexikarrak ere izango dira aurten, beti bezala.

Egitaraua

ASTELEHENA, 17

• 19:00 Eskoriatzako eta Chiapasko emakumeak ametsak ehuntzen. Emakumeen plazan, Inkernu aurrean.

MARTITZENA, 18

• 19:00 Manipulación climática hitzaldia. Kultura etxean.

EGUAZTENA, 19

• 16:45 Eraldatzearen magia buztingintza tailerra. Plazan.

EGUENA, 20

• 19:00 Biolontxelo kontzertu didaktikoa. Plazan.

• 22:00 Revueltas film independentea. Zaldibarren.

EGUBAKOITZA, 21

• 11:00 Beste mundu bat posible delako hitzaldia. Luis Ezeizan.

• 18:00 Alaitzen taldearen emanaldia. Zaharren egoitzan.

• 19:30 Gorputza gogoan dantza ikuskizuna. Plazan.

• 22:30 Puro Chile taldearen kontzertua. Inkernun.

ZAPATUA, 22

• 10:00 Artisau azoka. Plazan.

• 14:30 Herri bazkari mexikarra. Plazan.

• ondoren Iñaki Bizkai akordeoilaria.

• 00:00 Margu disc jockeya. Nairan.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak