Eskoriatzako Berbalagunen taldeak bukatu du aurtengo ikasturtea, eta berau borobiltzeko, Mikel Markezen eta Eñaut Elorrietaren Baga, biga, higa hitzaldi musikatuaz gozatzeko aukera izan dute bai taldeko kideek eta baita gainerako herritarrek ere.
Duela zenbait urtetatik herriz herri dabilen hitzaldi honetan euskal musikaren historia errepasatzen dute bi artistek bai azalpenek, bai grabazioekin eta baita zuzenean eskainitako abestiekin ere. Hala, besteak beste, Eperra, Loretxoa, Lau teilatu eta Baga, biga hIga jo dituzte gaur Zaldibar antzokian.
Hitzaldiaren ostean, gainera, luntxa izan dute bertaratu direnek, eta han izan dira baita ere Markez eta Elorrieta, Berbalagunen taldekoekin solasean eta argazkiak ateratzen.
Datorren ikasturtea, hamargarrena
Eskoriatzako Berbalagunak taldeko arduradun Iratxe Arrese gustura agertu da gaurko emanaldiak ikusleen partetik izan duen erantzunarekin, bere esanetan taldeko hainbatek ezagutzen ez zituzten doinuak ezagutu ahal izan dituztelako. Eta Arrese pozik zegoen aurtengo ikasturteak emandakoarekin ere: lau talde izan dituzte aurten, eta gaur bertan jendeak erakutsi du interesa hurrengo ikasturtean ere parte hartzeko. 2019-2020 ikasturtea gainera, taldearen hamargarrena izango da.