Ikasturteari agur esateko, eskolako jaia

Imanol Beloki Unamuno 2019ko eka. 7a, 12:08
Iaz, eskolako txikienak dantzak egiten izan ziren Fernando Eskoriatza plazan.

Egun osoko egitaraua prestatu dute Luis Ezeiza Herri Eskolakoek zapaturako. Aurten, berritasun batekin emango diote, gainera, hasiera: batukada kalejirarekin. Eskolatik plazarako bidea egingo dute egunotan entseatu dutena praktikan jarriz, 10:30ean.

Aste honetan, Luis Ezeiza Herri Eskolako ikasleek curriculumarekin zerikusi zuzena duten hainbat ekintzatan hartu dute parte: ipuin kontaketak, ikasleek prestatutako antzerkiak, abestiak, filmak, bertsoak… Bihar, zapatua, emango diote amaiera asteari, eta baita ikasturteari ere; izan ere, Luis Ezeizako jaia izango dute.

Batukada kalejira

Iaz, trikiti doinuek lagunduta hartu zuten eskolatik plazarainoko bidea Herri Eskolakoek. Aurten, aldiz, egunari hasiera emateko, batukada kalejira egingo dute, berritasun moduan. "Haurrei proposatu genien, eta, prest agertu zirenez, astean zehar entseatzen izan gara gurasoak, haurrekin batera. Ez dakigu nola irtengo den, baina egunari hasiera bikaina emateko eta eskolako jaia dela herritarrei ohartarazteko antolatu dugu", adierazi du Antonio Regañok, Koldotxo Guraso Elkarteko lehendakariak.

Batukada kalejira amaitzean, 11:00etan, dantzak izango dira nagusi Fernando Eskoriatza plazan. Eskolako haurrek egunerako prestatutako dantzak egingo dituzte gurasoen eta familiakoen aurrean.

Bazkaria eskolako arkupeetan

180 pertsona batuko dira eskolako arkupeetan bazkaltzeko, eta bakoitzak bere jana eramango du. "Urtero egin izan dugu horrela, eta aurten, Guraso Elkartekook jarriko ditugu edaria, postrea eta kafea. Hala ere, eguraldiak asko baldintzatuko du. Izan ere, txarra egiten badu, bazkaria bera eta egitarauko ekintzak frontoian egingo ditugu", adierazi du Regañok.

Bazkalostean, bingoa izango dute, eta gero, puzgarrietan aritu ondoren, plazara joango dira guztiak DJ Motoren musikarekin batera jaiegunari amaiera ematera.

Egitaraua

Herri Eskolako jaia

• 10:30 Batukada kalejira. Luis Ezeizatik Fernando Eskoriatza plazaraino.

• 11:00 Ikasleen emanaldiak. Fernando Eskoriatza plazan.

• Ondoren Tailerrak eta jokoak. Fernando Eskoriatza plazan.

• 11:30 Buruhandiak. Fernando Eskoriatza plazan.

• 14:00 Herri bazkaria. Luis Ezeizan.

• 15:00 Bingoa. Luis Ezeizan.

• 16:00 Puzgarriak. pilotalekuan.

• 18:30 DJ Moto. Fernando Eskoriatza plazan.

• 21:00 Jaiaren bukaera. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak