86 postu izango dira Eskoriatzako 23. Ferixian

Imanol Beloki Unamuno 2019ko mai. 29a, 17:09
Iaz, Joseba Iñurrategi pilotalekuan egindako bazkarian.

Arizmendiko Jose Arana gunekoek antolatuta, Udalak babestuta eta herriko taldeek, komertzioek, babesleek eta ikastolako irakasle eta familiek lagundutako Ferixiak 23. edizioa ospatuko du zapatu honetan. Urterokoari jarraituz, Euskal Herri osoko baserritarrak eta artisauak batuko ditu, beste urte batez, Eskoriatzako kaleetan. Gipuzkoako eta Nafarroako 40 herritik 86 postu izango dira, eta Errioxako ordezkariren bat ere egongo dela adierazi dute antolatzaileek.

09:00etan emango zaio hasiera Eskoriatzako 23. Ferixiari, etxafuego jaurtiketarekin eta txistularien kalejirarekin. Jarraian, 10:00etan, azokako postuak irekiko dituzte. Hala, postuetan baserriko produktuak eta artisautza-lan ugari ikusi eta erosi ahal izango dira.

Txorimaloak eta gazta dastaketa

Urteroko txapelketek ere ez dute hutsik egingo: 10:15etik 11:15era, erreka ondoan egongo dira lehiaketara aurkezten diren herriko neska-mutikoak txorimaloak egiten, San Pedro eliza aurrean. Gazta dastaketa eta txapelketa, berriz, Santa Marina plazan izango da, 11:30etik 13:00etara bitartean, eta feriako postuentzat ere izango dira sariak.

Giroa alaitzeko ere egongo dira zenbait ekintza: trikitilariekin kalejira, Almeneko ikasleen ikuskizuna eta Eskoriatzako dantza taldekoen saioa. Haur eta gazteentzat zuzenduta, tailerrak eta puzgarriak ere izango dituzte Jose Aranako jolastokian. Iaz lortutako arrakastaren ondoren, Arrasateko erraldoiak ere izango dira aurten ere herriko kaleetan zehar bueltaka. Bazkalaurretik, 14:00etan, bestalde, sari banaketa eta errifa zozketa egingo dute Jose Aranan.

Bazkaria, norberak eramanda

Zuk ekarri, zuk jan estilora egingo da eguneko bazkaria. Eguraldiak laguntzen badu, Fernando Eskoriatza plazan izango da, eta 15:00etan hasiko da. Txarra egiten badu, bestalde, frontoian egingo dute. Bakoitzak bere jana eraman behar badu ere, mahaien erreserba egitea derrigorrezkoa izango da, eta, horretarako, 696 91 86 87 telefono zenbakira deitu beharko da.

Txapela urrunen nork botako

Azken urteotan errotu egin den hitzordua da txapel jaurtiketa txapelketa. Hori horrela, aurten, zortzigarren urtez egingo dute, eta Fernando Eskoriatza plaza aurrean egingo dute, Jose Arana kaleko errepidean, 19:00etan hasita.

Txapelketara begira bete beharreko hainbat baldintza ere adierazi dituzte antolatzaileek: partaide bakoitzak bi jaurtiketa izango ditu eta luzeena izango da txapelketarako balioduna, txapelak errepideko marren barruan geratu behar du eta txapela jaurti eta distantzia luzeen lortzen duena izango da txapelduna, besteak beste.

Egitaraua

Fernando Eskoriatza plazan

• 09:00 Etxafuego jaurtiketa.

• 09:30 Txistularien kalejira.

• 10:00 Ferixiaren hasiera.

• 10:15 22. Txorimalo lehiaketa.

• 11:00 Tailerrak eta puzgarriak (Jose Aranan).

• 11:30 XI. gazta dastaketa eta txapelketa (Santa Marinan).

• 12:00 Almeneko ikasleen ikuskizuna (Gorosarrin).

• 12:45 Eskoriatzako dantza taldea (Gorosarrin).

•14:00 Sari banaketa (Jose Aranan).

• 15:00 Zuk ekarri, zuk jan bazkaria.

• 19:00 VIII. txapel jaurtiketa txapelketa.

• 20:00 Kantu poteoa.

Goizean zehar Arrasateko Erraldoi Taldea kalean zehar.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak