Kirol elkartearen egunean, kalera aterako dute kirola

Imanol Beloki Unamuno 2019ko mai. 24a, 11:52
Iaz, Kirol Elkartearen egunean areto futbol taldekoak garaipena ospatzen.

Eskoriatza Kirol Elkartearen eguna izango da zapatuan, eta prestatu dituzten ekintza guztiak Fernando Eskoriatza plazan egingo dira: bizikleta eta patinekin trebezia jokoak eta haur eta gurasoentzat saskibaloi txapelketa, besteak beste. –Eguraldi txarra badago, frontoian egingo dituzte hainbat ekintza–.

Eskoriatzako Kirol Elkartearen eguna ospatuko dute bihar, zapatua, eta, urtero moduan, kirola ardatz, orotariko ekintzak antolatu dituzte egun osorako. Elkartearen eguna ospatzeaz batera, kirola kalera ateratzeko aprobetxatuko dute, hala, jai giroan, egiten dutena herritarrei erakusteko asmoz.

Aurten 24. edizioa izango da, eta, urtero moduan, Fernando Eskoriatza plazan egingo dituzte ekintza guztiak; eguraldiak laguntzen badu, behintzat. Hala ez bada, ekintzak frontoian egingo dituzte.

Patata-tortilla lehiaketa

Azken hiru edizioetan ez dute patata-tortilla lehiaketarik antolatu, baina aurten berreskuratzea erabaki dute. Hori horrela, herritarrei parte hartzeko eskatu gura die elkarteak. 12:00ak aurretik eraman beharko dira tortillak plazara, eta 13:00etan, sariak banatuko ditu epaimahaiak. Guztira, hiru egongo dira: tortilla onena, ikusgarriena eta originalena. Eramaten dituzten tortillak pintxotan salduko dituzte, gero, plazako txosnan. Horrekin batera, aurten, Emakumeen Bira zapatuan pasako da plaza aurretik, 14:00ak bueltan, eta kirol elkartearen egunaren bueltan batzen direnak errepidera gerturatuko dira txirrindulariak animatzera.

Eskerrak komertzioei

Domekero, produktuz betetako saski bat zozketatzen dute Zarauztarra taberna aurrean Eskoriatza Elkarteko kideek. Zapatuan, berriz, Super Esko Lote zozketa egingo da: "Herriko komertzioek hainbat produktu eskaini dizkigute. Agian, egiten dugun lana estimatzen dutelako edo… baina benetan eskertu nahi diegu eman diguten laguntza", adierazi du Javi Corbal elkarteko presidenteak.

Egitaraua

11:00-13:00 Umeentzako tailerrak eta bizikleta eta patinekin trebezia jokoak.

12:00 Patata-tortilla lehiaketa; 12:00etarako plazara eraman beharko dira. Sari banaketa 13:00etan izango da.

14:00 Emakumeen Bira.

14:30 Herri bazkaria. Paella erraldoia.

17:30 Umeentzako areto futboleko jokoak.

18:30 Gurasoei eta umeeni zuzendutako saskibaloi txapelketa.

19:15 Txuleta-parrilada.

21:30 Super Esko Loteren zozketa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak