Zaharren egoitzara ikuskizuna eskaintzera

Imanol Beloki Unamuno 2019ko mai. 24a, 11:10
Tortolis ludotekako gaztetxoak, iaz, zaharren egoitzan breakdancea egiten.

Tortolis ludotekako haurrak Jose Arana zaharren egoitzara joango dira gaur, 18:00etan, egoiliarren eta familiakoen aurrean ikuskizuna eskaintzera. Aurtengoa bigarren edizioa izango da, eta gaia, betiko kanta eta dantzak.

Haurren artean autonomia, sormena eta lagunkidetasuna sustatzeko iaz hasitako ekimenari jarraipena emateko asmoz, aurten ere Jose Arana zaharren egoitzara joango dira Tortolis ludotekako neska-mutikoak egoiliarrei ikuskizuna eskaintzera. Gaur, 18:00etan, Eskoriatzako 30 haur inguru joango dira egoitzara, eta aurten oinarri gisa jarri duten gaia betiko kantuak eta dantzak izango da.

"Iaz izandako arrakastaren ostean, aurten berriz joatea erabaki dugu. Neska-mutikoek zirkua eskaini zieten iaz egoiliarrei, eta ederto pasatu genuen. Emozioz betetako saioa izan zen, eta egoiliarrak eta bertaratu ziren guraso eta familiar guztiak oso pozik geratu ziren. Hori horrela, gogoz daude haurrak berriro zaharren egoitzara joateko", adierazi du Tortolis ludotekako Nekane Atxaga arduradunak.

Kantuak eta bertsoak

3 eta 12 urte bitarteko haurrek honako egitarau hau prestatu dute gaurko saiorako: lau abesti kantatuko ditu haur talde batek; hiru abesti musikatu gitarrarekin eta trikitiarekin lagunduta, batzen diren haur guztiek abestuta; denboraren arabera hiru edo lau dantza egingo dituzte; eta amaitzeko, bi bertso eskainiko dituzte. "Eskoriatzako Irati Etxebarrieta eta Leire Lezeta gazteak etorriko dira gurekin egoitzara, eta gitarra eta trikitiarekin abesti batzuk joko dituzte. Honela, herritar aktiboak eredu moduan izan ditzaten", adierazi du Atxagak. Aurtengo gaia betiko dantzak eta kantak izatearen arrazoia ere zein den adierazi du Atxagak: "Betiko kanta eta dantzak transmititu gura dizkiegu haurrei, eta baita euskararen garrantzia. Hori horrela, kanta batzuk beraiek proposatutakoak izan dira, dakizkitenak, eta beste batzuk denon artean aukeratu eta ikasi ere egin ditugu. Seguru gaude egoiliarrei gustatuko zaizkiela".

Familiarrak ere ikuskizunera

Jose Arana zaharren egoitzako egoiliarrez gain, Tortolis ludotekako haurren familiakoek ere aukera izango dute ikuskizunaz gozatzeko. Hori horrela, saioa eskainiko duen haur bakoitzeko bi sarrera banatuko dituzte etxekoak gonbidatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak