Azokara produktuak eramateko epea, zabalik

Imanol Beloki Unamuno 2019ko mai. 17a, 13:19

Iaz egindako bigarren eskuko azokan.

Maiatzaren 26an 11:00etatik 14:30era bitartean bigarren eskuko azoka egingo dute Eskoriatzako plazan. Horrekin batera, postu solidarioa ere izango da, eta batzen den dirua VHL sindromearen ikerketari laguntzeko Sendabidea elkarteari bideratuko diote.

Maiatzaren 26an, udal hauteskunde domekan, izango da bigarren eskuko azoka, Fernando Eskoriatza plazan, 11:00etatik 14:30era bitartean. Hainbat urtetan egin den moduan, denetarik saldu eta erosi ahal izango da azokan, betiere, egoera onean baldin badago eta bigarren eskukoa baldin bada.

Mota guztietako produktuak eraman ahal izango dituzte herritarrek, eta prezioa produktua eraman duenak jarriko du. Hala ere, postua jartzeko mahai erreserba egin beharko da. Horrez gain, postua jarri nahi ez baina produktuak eman nahi dituztenek aukera izango dute horretarako, postu solidariorako entregatuta.

Postu solidarioa

Herritar talde batek postu solidarioa jarriko du, eta bertan batuko den dirua Sendabidea elkartearentzat izango da –VHL sindromearen ikerketari laguntzeko elkartea–. Modu horretan, gaixotasun arraro hori ezagutzera emango dute, alde batetik, eta, bestetik, ikerketa proiektuak sustatzeko helburuarekin egingo dute diru-bilketa. Hori horrela, antolatzaileek parte hartzera animatu nahi dituzte herritarrak. Bertan jartzeko produktuak kultura etxera eramateko epea maiatzaren 22tik 24ra bitartean izango da, honako ordutegi honetan: 09:00etatik 19:00etara. Postu horretan egongo direnek sailkatu eta antolatuko dituzte produktuak, eta baita prezioa jarri ere. Saltzen ez den materiala, berriz, berriro jasotzeko aukera egongo da, eta saldu ez eta bueltan jaso nahi ez dutenek, berriz, bertan utzi ahal izango dute; produktu horiek Emaus elkartearentzat izango direla adierazi dute antolatzaileek.

Mahai erreserba, ezinbestekoa

Nahi duenak postua jarri ahal izango du azokan, betiere, egoera onean dauden eta bigarren eskukoak diren produktuekin: arropak, liburuak, diskoak, altzariak, jostailuak… Horretarako, Udalak mahaiak jarriko ditu, baina beharrezkoa izango da mahai erreserba egitea.

Azokan parte hartu nahi duten interesdunek mahai erreserba dezakete kultur etxera deituz 943 71 46 88 telefono zenbakira edo mezua idatziz kultura@eskoriatza.eus helbidera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak