Sinadura bilketa abian, sokamuturra antolatzeko

Imanol Beloki Unamuno 2019ko mai. 17a, 10:15

1993an Fernando Eskoriatzako plazan sokamuturra egin zenekoa. Iturria: Eskoriatzako argazki artxiboa

San Pedro jaietan sokamuturra antolatzeko gogoz dago Eskoriatzako gazte talde bat. Aurtengo egitaraua ia itxita, datorren urtera begira sinadurak batzen hasi dira, eta eskuorriak taberna hauetan daude: Akeita, Urrestilla, O'Dogherty, Aldatz eta Naira.

San Pedro jaietako egitaraua antolatzeko hainbat bilera egin dituzte jai batzordeko kideek. Urtero moduan, Udaleko eta herriko elkarte eta eragileetako ordezkariak zein norbanakoak batu izan dira, hamabost egunean behin, ekainaren 28tik uztailaren 1era bitarteko jaiak antolatzeko. Hala, egitaraua ixten ari diren arren, Eskoriatzako gazte batzuek proposamen bat zabaldu dute herriko hainbat tabernatan, eta baita sare sozialetan ere. Garai batean egiten zen moduan, jaietan sokamuturra antolatzearen gaineko iritzia jaso nahi dute herritarrengandik.

"Aurten ezinezkoa izango zaigu sokamuturra antolatzea San Pedro jaietan, denbora aldetik justu ari garelako, aurrekontua eginda dagoelako… Hala ere, lagun talde batek ilusioz hartu dugun ekimena da, eta herritarren iritzia jaso nahi dugu soilik. Badakigu jendea alde egongo dela, eta beste batzuk ez. Hori horrela, gustuko duenak sinatu dezala eskuorria eta gustuko ez duenari errespetua eskatu nahi diogu", adierazi du proposamena helarazi duen lagun taldeko Ane Arraeta eskoriatzarrak.

Eskuorriak, tabernetan

Herritarrak interesatuta dauden edo ez jakiteko helburuarekin hasi dute sinadura bilketa. Akeita, Urrestilla, O'Dogherty, Aldatz eta Naira tabernetan daude bete beharreko eskuorriak. Hala, maiatzaren amaieran sinadura guztiak batu, eta interesa dagoela ikusten badute, jai batzordeari eta Udalari helaraziko diete herritarren eskaera, datorren urtera begirako San Pedro jaien egitarauaren barruan sokamuturra antolatu dadin. "Sare sozialetan polemika pixka bat sortu da, normala den moduan, baina gure asmoa ez da polemika sortzea. Soilik iritzia jakin nahi dugu, eta, oraingoz, sinadura dezente batu ditugula esan dezakegu, eta hori da gure helburua. O'Dogerthy tabernan, esaterako, sinaduraz betetako hiru orri badituzte jada…".

Ohitura berreskuratzeko nahian

Sokamuturra sanpedroetan oso ohikoa izaten zen, eta frontoi inguruan zegoen arboladian egiten zen. Herriko plazan ere urte askoz egin izan da, eta eskaera hau martxan jarri dutenek ez dutenez bizi izan, ilusioz daude ekintza gauzatzeko: "San Pedro jaietan zein Inauterietan zezentxoak eta poneyak izaten ditugu, baina ez da berdina. Ez dugu sokamuturra Eskoriatzan ezagutzeko aukerarik izan… Gure asmoa ekainaren 29rako, San Pedro egunerako, goizean goiz antolatzea izango litzateke".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak